Zirkulazio isunak hirukoiztu baino gehiago egin dira 2015ean Beasainen
2014an 3.000 isun jarri zituen udaltzaingoak, 2015ean 10.042. Errolda eguneratzeko 70 txosten egin dituzte. Auto gidariei, bizikleta zaleei eta oinezkoei arretaz ibiltzeko eskatu diote.
Beasaingo udaltzaingoak 2015eko jardueraren datuei buruzko txostena argitaratu du. Hilario Urretabizkaia udaltzain buruak azpimarratu duenez, isunetan izandako igoera da da- turik nabarmenena. Hirukoiztu baino gehiago egin da: «2014an 3.000 jartzetik 2015ean 10.042 jartzera pasatu gara».
Urretabizkaiaren arabera, hiru arrazoi daude isunen kopuruaren igoeran. Batetik, TAO isunak, «TAO txartela ez jartzeagatik edota txartelaren denbora pasatuta izateagatik». Bestetik, «Nafarroa Etorbidea oinezkoen gune jarri ondoren, baimendutako ibilgailuek bakarrik dute bertatik pasatzeko aukera. Kamerarekin dago kontrolatuta gune hori eta isun asko jarri da leku horretan». Eta isun asko jarri dituzten hirugarren gunea, Lorategi kalea da. «Iturriotz eta Arana kaleetan bizi direnek Lorategitik jaisteko aukera dute. Hortik ere, baimenik ez duten asko pasatzen dira».
Errolda eguneratuta
Isunak jartzeaz gain, errolda egiaztatzen ere lan asko egin behar izan dutela jakinarazi du udaltzain buruak. «Jendea Beasainen erroldatzen da eta askok, alde egiten dutenean, ez dute baja ematen. Saiakera berezi bat egin da errolda egunean edukitzeko. 2014an zazpi txosten zeuden eta 2015ean 70».
Istripu gehiagoko kaleak
Bestetik, Beasaingo udaltzaingoak dozena bat kanpaina egiten ditu urtero herritarren sentsibilizazio kanpainen barruan. Pasa den astean, adibidez, oinezkoen harrapaketena egin zuten. «Garbi ikusten da kale batzuek beste batzuek baino arrisku gehiago dutela: Trenbide, Zaldizurreta, Nafarroa Etorbidea eta Joxe Migel Iturriotz kaleak. Beraz, kale horietan arreta berezia jarriko dugu kanpainen bidez».
Zentzu horretan, arretaz ibiltzeko deia luzatu nahi izan du udaltzain buruak: «Auto gidariei bereziki, arreta handia jartzeko. Azken finean, auto gidariek egin dezakete kalte handiena, bai oinezkoei eta bai bizikleta zaleei. Bizikleta zaleei ere ibili behar den tokitik ibiltzeko esan behar zaie. Eta oinezkoei, errepidea zebra bideetatik pasatzeko».













