Albisu aurrera, baina eskuetako minez
Jon Ander Albisuk lortu du Binakako Txapelketan sailkatze fasetik finalaurrekoetara igarotzea. Iñaki Artola lagun, inoizko liga luzeena 4. postuan bukatu dute, asteburuan. Nahiz eta beren partida galdu zuten larunbatean Iruñean (22-21, Irujo-Rezustaren aurka), atzo Bengoetxea-Untoriak Ezkurdia-Barriolari irabazi izanak ahalbidetu die ataundarrari eta alegiarrari sailkapena.
Sailkatu bai, baina aste bat edo bi lehiatu gabe egon beharko du Albisuk. Larunbatean bi eskuak mindu zitzaizkion, pilota bat sartuta. Errekuperazioa hasiko du. Haren ordez Ander Imaz atzelaria (Oiartzun, 1994) jarri du Asegarce enpresak.
Artola-Imaz bikoak igandean Donostiako Atano III.ean jokatuko du finalaurreko ligaxkako lehen partida, Victor-Untoria errioxarren aurka. Hain zuzen, Oinatz Bengoetxea ere baja izango da, orkatilako bihurritu batengatik, eta Victorrek ordezkatuko du.
Finalaurrekora sailkatu diren lau bikoteek denek denen aurka jokatu beharko dute, itzuli batera: hiru partida. Sailkatze ligan, Artola-Albisuk 14 partida jokatu dituzte, horietatik 7 irabazi eta 7 galdu; 243 tanto egin, 269 jaso.
Asteburu honetan finalaurrekoak Bilbon (larunbatean) eta Donostian (igandea) dira. Hurrengoan Iruñean (19an) eta Eibarren (20an), eta azken jardunaldia Iruñean (26an) eta Gasteizen (27an). Finala Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko da.
Binakako Txapelketako beste goierritarra Iker Irribarria aramar debutaria izan da. Zubietarekin bikoa osatuz (Merinok ordezkatua txapelketaren bigarren erdian), 14. postuan bukatu dute liga, 2 partida irabazita.