Oriako Lamiak Talde Feminista sortu da Beasainen Berdintasun Forotik
Beasaingo Udaleko Berdintasun Forotik sortu den Oriako Lamiak Talde Feministak «isiltasunera kondenatutako emakumeen ahotsa» izan nahi du. Hitz egitetik harago, ekintza desberdinak eginez, «kontzientzia piztu eta jendarteak ikusi nahi ez duena ikustarazi nahi dugu, erakundeek egiten dutena ez delako nahikoa», azpimarratu dute.
Era berean, «beharren bat dutenean nora joan ez dakiten emakumeei baldintzarik gabeko laguntza eman nahi diegu. Ez gaude bakarrik. Jendartean oso kolektibo garrantzitsua gara, nahiz eta gure lekua ez zaigun aitortzen», azpimarratu zuten aurkezpenean.
Era horretan, «egoera pertsonal zailean dauden emakumeen erreferentzia» izan nahi du talde berriak: «Jakin dezatela, ez daukatela bakarrik bidea egin beharrik, hemen gaudela gure eskuak luzatzeko eta besarkada bero bat emateko».
Jatorri, adin, erlijio eta ideologia desberdinetako emakumez osatua dago Oriako Lamiak taldea, eta «emakume orori dago irekia taldea».
Mahai ingurua 15ean
Martxoaren 15ean emakumea eta lan mundua mahai ingurua egingo dute, 19:00etan, udaletxean. Taldeko kideek hartuko dute parte, “erizainak, psikologoak, sukaldariak, langabeak, etxez etxeko langileak… baikaude taldean”.