Emakumeei irteten laguntzen hogei urte bete ditu Azkik
Lazkaoko Azki emakume elkarteak egitarau berezia antolatu du, hogei urteko ibilia ospatzeko. Gaur egun 25 bat kide dira, eta Areria kultur gunean elkartzen dira, egunero. Esperientziak partekatzen dituzte, eskulanen bidez.
Gaurko egunez, duela 20 urte, sortu zuten Lazkaoko Azki emakume elkartea. Emakumezko askoren eguneroko bizitzan «bira bat» emateko eta kalera irten zitezen laguntzeko eratu zuten taldea. Kafea hartzeko elkartzen dira arratsaldean, edo ehoziri hari-lanak egiteko. Egiteko xumeak dira, baina aitortu dute emakume askorentzat «aldaketa handia» izan dela.
«Emakume asko ez ziren etxetik ateratzen, eta elkarte honek egunero etxetik pixka bat aterateko balio izan die. Senar-emazte askoren pentsamoldea oso itxia zen. Elkarteko partaide askok etortzeari utzi zioten, senarrek ez zuten etortzerik nahi eta», gogoratu dute 1996ko hasiera Beni Goñi eta Maria Alzira Carneiro lazkaotarrek.
Gaur egun halako kasurik ez dagoela diote. Orain 25 bazkide dira Azkin. Hogei urtetan, 125 lagun pasatu dira elkartetik. Duela gutxi egin zuten 126. karneta.
Ikastaroak eta eskulanak
Lagunartea da Azkiren oinarria. Baina kafesnea hartzea baino zertxobait gehiago lantzen dute. Areria kultur gunea da orain bilgunea. Lehen urteak San Prudentzio eskolan igaro zituzten, gero apaizetxean eta azkenerako kultur etxean.
Arratsaldero elkartzen dira Arerian. Esperientziak elkarrekin trukatu, dakitena besteei erakutsi eta «ondo pasatzea» da eginbeharra. «Tailer asko eta kurtso mota asko burutzen ditugu hemen, gainera. Esperientzia asko partekatzen ditugu, eta barre asko ere egiten dugu».
Irteerak eta bidaiak ere egiten dituzte, ehoziria aitzakia hartuta —topaketak izaten dira—, edo kultura gaitzat dutela. Ikasturte amaieran asteburu osoko egonaldia ere izaten dute. «Ateratzea asko gustatzen zaigu, batez ere helduei».
Ekitaldiz beteriko astea
Azkiren 20. urteurrena bereziki ospatuko dute. Atzo Yolanda Cerverorekin ahalduntze eta garapen pertsonalaren ikastaroa hasi zuten, bihar arte (17:30etik 19:30era, kultur etxeko sotoan).
Ate irekien jardunaldia ere badute, gaur-biharretan. Edonor joan liteke Azkiren jarduna ikustera. Etzi Tabakalerara joango dira, ostiralean txokolate jana dute, eta larunbatean afaria eta dantzaldia dituzte.













