Mikel Aiestaranek kazetaritza digitaleko Jose Manuel Porquet saria jaso du
Mikel Aiestaran kazetariak (Beasain, 1975) kazetaritza digitaleko Jose Manuel Porquet saria jaso du, Huescan (Aragoi, Espainia). Epaimahaiak ekialde hurbilean egindako lana aitortu nahi izan dio; hala, “Internetek eta sare sozialek eskaintzen dituzten adierazpide eta aukeren erabilera” azpimarratu dute, izan ere, “gatazkak 140 karaktereko txioetan, formatu zainduago batean nahiz bideoetan” azaltzen jakin du Aiestaranek.
Saria jaso berritan, “poz handia” hartu duela azaldu du Aiestaranek, batez ere “sare sozialei eskaintzen diedan denbora” kontuan hartuta. Hala, bere jarraitzaile guztiei esker ona agertu diete emandako konfiantzagatik; “sari hau zeraien saria da”. Internet eta sare sozialak, informatzeko ez ezik, ahalik eta publikorik zabalenarengana iristeko erabiltzen dituela azaldu du. Askotan “bapatekotasuna” bilatzen dugula dio, baina “fondoa giltzarria” dela uste du; “ezinbestekoa da zertan hitz egiten duzun jakitea, eta horrek denbora eskatzen du”.
Freelance moduan nahiz hainbat komunikabiderentzat lan egiten du Aiestaranek, baina bere lanak, bere webgunean nahiz sare sozialetan zabaltzen ditu (Twitterren 49.600 jarraitzaile ditu). Nazioarteko hainbat herrialdetan eta gatazka ugaritan izan bada ere, azken urteetan Ekialde hurbilean egin du lanik gehien.