Goierriko bikote askok Golden diskotekan ezagutu zuten elkar. 'Paradisua' izan zen 1970eko hamarkadako gazteentzat. 2013tik itxita dago eta ez dirudi berriro zabalduko dutenik.
![Golden_diskoteka(1)](http://goierri.hitza.eus/site/files/2016/03/Golden_diskoteka1.jpg)
Goierritarrek Urkiolara joateari utzi zioten 1969ko abenduan. Izan ere, mutil-laguna edo neska-laguna lortzeko askoz ere toki hobea aurkitu zuten: Urretxuko Golden diskoteka. Goierri Goldenen elkar ezagutu zuten bikoteez betea dago. Baina diskotekak modaz pasa ziren eta 2013an itxi egin zuten. Lokala salgai dago, baina ez dirudi diskotekak berriro ateak irekiko dituenik. Goldenen urrezko garaia ezagutu zutenek, tristura sentitzen dute ondotik pasatzen direnean.
Diskoteka Jose Migel Ormazabal eta Gregoria Otaegi zegamarrek ireki zuten. Goldeneko etxeak egin zituena (Anjel Elortza) beraien laguna zen eta lokala merke eskaini zien, itxuraz ez zuelako erabilgarritasun handirik. Elortzaren koinatu batek Arrasaten diskoteka bat zuen, negozio ona zela esan zien eta Golden ireki zuten.
Berehala, inguruko gazteen artean modan jarri zen: izan ere, diseinu modernoa zuen (italiar batek diseinatu zuen) eta ordura arteko lokalak baino handiagoa zen. Gainera, astero orkestra bat ekartzen zuten. Goldenen Duo Dinamicok jo zuen, besteak beste. Lokala berehala txiki gelditu zen eta handitu egin behar izan zuten: 500 metro koadrotik, 700 metro koadrora. Garai onenetan, 20 langile eduki zituzten.
Sortzaileen iritzia
Gabina Garmendia, negozioa ireki zutenen errainetako batek, jendea «prozesioan» joaten zela gogoratzen du. «Batzuek geltokian Goldenera txartela eskatzen zuten Urretxura txartela eskatu beharrean. Hiru leihatila irekitzen genituen».
1997an Antton Galdos oñatiarrak hartu zuen negozioa. 16 urte geroago, diskoteka itxi egin zen. Seguru aski, betirako. Izan ere, diskotekak dagoeneko ez daude modan. «Pena ematen dit lokala itxita ikusteak, baina zer egingo diogu ba… Diskoteka guztiak itxi dira. Gurea azkena izan zen. Lokala hutsik dago eta dena zahartzen ari da. Batzuk galdezka etorri dira, baina denak gazteak ziren eta diskoteka hau berriro irekitzeko diru asko behar da», dio Garmendiak.
Oso argi du zergatik itxi diren diskotekak. «Egun, taberna guztietan dantza egin daiteke eta gainera berandura arte zabalik egoten dira. Taberna bat aurrera ateratzea zaila bada, pentsa 700 metro koadroko lokal bat aurrera ateratzea zer den… Baina, tira, guk oso gustura lan egin genuen eta San Antoniok baino bikote gehiago elkartu genituen».
Galdos ere makina bat maitasun istorioren lekuko izan zen. Goldeneko nagusia izatea «ohorea» izan zela dio. «Edariak saltzen lan egiten nuen eta Gabinak ni bezalako bat behar zutela esan zidan. Goldenen lan egin nuen 16 urteetan gauzak asko aldatu ziren. Jarraitu nahi nuen, baina ezinezkoa zen. Tabernek berandu arte irekitzen zutenez, diskoteka soberan zegoen».
Lehen egunean ere bai
Galdosi ere pena ematen dio Golden itxita ikusteak. Nagusia izateaz gain, lehenengo bezeroen artean ere egon zen, inaugurazio egunean egon zen, 17 urterekin. «Lehen urte haietan jende asko etortzen zen Urretxura. Toki guztietatik. Diskotekak modan zeuden. Golden leporaino egoten zen. Egun batean 1.800 lagun sartu zirela entzun izan dut. Ateak ireki baino ordu erdi lehenago, jendea ilaran egoten zen. Inguruko herri guztietako neskak etortzen ziren eta pozez gainezka joaten ginen, noski. Asko ligatzen eta edaten zen. Barra handian zortzi zerbitzari egoten zirela gogoratzen dut».
Berak dagoeneko gauez lan egiteari utzi dio. «Gaueko giroa asko aldatu da. Gazteenak beraien lokaletan elkartzen dira, edariak garestiak dira, aisialdiko eskaintza oso zabala da… Golden itxita ikusteak pena ematen dit, baina herrietan ez dago diskotekentzako tokirik».