Unai Mendizabal zizurkildarrak irabazi du Zaldibiako Osinberde bertso sariketa
Larunbat gauean Zaldibiako Osinberde elkartean jokatu zen IV. Bertso Sariketa, Gabiriako Osinalderako bigarren saio baliagarria. Sei bertsolari gazte aritu ziren kantuan, eta epaileen puntuazioaren arabera, Unai Mendizabal zizurkildarra izan zen onena. Hark jaso zuen garailearen ikurra. Bigarren Eneko Araiztegi segurarrak egin du. Bi horiek kantatuko dute Gabiriako Osinalden, apirilaren 9an.
Osinberde elkartea bete egin zen. Afaltzen 60 lagun izan ziren, eta ondoren saioa entzutera sartutakoekin, 80 bat pertsona elkartu ziren. Entzuleek beren botoz bertsolari gustukoena aukeratu zuten: Aratz Igartzabal Potto gabiriarra. Asier Rubio, Maddi Sarasua eta Mikel Tapia ziren beste hiru bertsolariak.
Ordiziako Argi-Berri ere jokatuta da, eta han Maider Arregi oñatiarrak eta Jon Gurrutxaga azpeitiarrak lortu zuten Osinaldera sartzea. Hirugarren eta azken sailkatze proba Aztiria auzoan (Gabiria) jokatuko da, martxoaren 19an.