Motz tabernaren 10. urteurrena ospatuko dute apiril amaieran
Apirilaren 19an 10 urte beteko dira Gaizka Oiartzabalek Motz taberna hartu zuenetik. Urte horietan guztietan makina bat kultur ekitaldi antolatu ditu. Udazkenean ekitaldi horien antolaketa Zarraparra taldearen esku utzi zuen
Apirilaren 19an 10 urte beteko dira Gaizka Oiartzabalek Motz taberna hartu zuenetik. Urte horietan guztietan makina bat kultur ekitaldi antolatu ditu. Udazkenean ekitaldi horien antolaketa Zarraparra taldearen esku utzi zuen eta talde horrek egitarau oparoa antolatu du Motzen urteurrena ospatzeko eta bere burua ezagutzera emateko. Kontzertuak apirilaren 29 eta 30ean, eta maiatzaren 1ean izango dira. Joseba Lenoir Gang eta The Northagirres taldeek eta Anje Duhaldek joko dute, besteak beste.
Poligrafo Fest jaialdiko lehen kontzertuak Gernikako Arbolan plazan izango dira, udalaren karpan. Apirilaren 29an, 20:00etatik aurrera, Howl at the Moon, Los Chicos eta Joseba Lenoir Gang taldeek joko dute. Biharamunean, Sermonds eta The Northagirres taldeen eta Jimmy Barnatanen txanda izango da. Kontzertu horiek guztiak doan izango dira.
Maiatzaren 1eko kontzertua Labeaga aretoan izango da eta sarrerak 10 euro balio du. Maddi Noguera ataundarrak eta Anje Duhaldek joko dute. Sarrerak Motz tabernan egongo dira salgai. Egunean bertan, Labeagan ere salduko dituzte.
Oiartzabal, baikor
Oiartzabal duela urtebete baino askoz ere baikorrago ageri da. «Bederatzigarren urteurrenean dena nahiko beltz ikusten nuen, baina urtebetean gauzak asko aldatu dira. Nire helburua beti herriko rock zaleak elkartzea izan da, eta azkenean lortu dudala uste dut. Taberna rock zaleen elkargune eta erreferente bihurtu da eta horri esker Zarraparra kolektiboa sortu ahal izan dugu».
Babes horrek ostalaritzan jarraitzeko indarra eman dio. «Duela urtebete taberna uztekotan nintzen, baina orain argi dut Motzek jarraitu egingo duela. Rock zaleok elkartu izanak jarraitzeko indarra ematen dit. Bestalde, ostalaritzan pixkanaka gauzak hobera egiten ari direla uste dut», amaitu du.