Arcelor Mittal enpresako langileek itxieraren aurka borrokatzea erabaki dute
ArcelorMittaleko langileek batzarra egin dute eta enpresaren eskaintza ez onartzea eta lantegia zabalik mantentzearen alde borrokatzea erabaki dute. Enpresak Zumarragako lantegiko jarduera etetea eta langileak birkolokatzeko negoziazio bat hastea proposatu
ArcelorMittaleko langileek batzarra egin dute eta enpresaren eskaintza ez onartzea eta lantegia zabalik mantentzearen alde borrokatzea erabaki dute. Enpresak Zumarragako lantegiko jarduera etetea eta langileak birkolokatzeko negoziazio bat hastea proposatu die. Langileak beste lantegi batzuetara bidali nahi dituzte (gehienak Euskal Herritik kanpo) eta gainera ez dizkietela Zumarragan dituzten lan baldintzak errespetatuko esan diete.
Langileek lehenengo bi mobilizazioen berri eman dute. Larunbatean, 12:00etan, manifestazioa egingo dute Urretxu eta Zumarragako kaleetan. Areizaga-Kalebarren plazatik irtengo dira. Goierri garaiko bizilagun guztiei manifestazioan parte hartzeko eskatu diete. Bestalde, asteazkenean kontzentrazioa egingo dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean.
Enpresa batzordeak prentsaurrekoa eman du gaur arratsaldean mobilizazioen berri emateko eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak eta Markel Olano ahaldun nagusiak egin dituzten adierazpenekin ez daudela batere gustura esateko. Erkoreka eta Olano gogor kritikatu dituzte. «Argi dago ez dakitela Zumarragako lantegiaren errealitatea zein den. Gainera, langileokin hitz egiteko borondate falta sumatzen dugu. Datorren asteazkenean gurekin hitz egiteko aukera edukiko dute, 12:00etan kontzentrazioa egingo baitu Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Gurekin hitz egiteko eta Arcelor Mittalek Euskal Herrian dituen lantegien alde lan egiteko gonbitea luzatu nahi diegu».