‘Boris Godunov’ opera “berezia”, astelehenean Zelai Arizti aretoan
Astelehenean, 20:15ean, Boris Godunov opera emango dute Zelai Arizti aretoan, zuzenean Londreseko Royal Opera House aretotik. 180 minutuko iraupena du eta atseden bat egingo dute. Sarrerek 10 euro balio dute
Astelehenean, 20:15ean, Boris Godunov opera emango dute Zelai Arizti aretoan, zuzenean Londreseko Royal Opera House aretotik. 180 minutuko iraupena du eta atseden bat egingo dute. Sarrerek 10 euro balio dute aldez aurretik erosita eta 12 euro egunean bertan.
Operaren aldeko taldeak ekitaldia aurkeztu du, herritarrak operaz gozatzera animatzeko. Xabier Barriolak opera hau Hego Euskal Herriko beste bost herritan emango dutela, baina oraingoan Beasain eta Ordizian ez dutela emango gogoratu du. Hori dela eta, Goierri behekoei Zumarragara etortzeko gonbitea luzatu die.
Boris Godunov opera Modest Musorgski-k (1839-1881) egin zuen. 1874an estreinatu zuten San Petersburgon. Istorioa errealitatean oinarritua dago, XVI. mendean. Godunok Errusiako tzarra izan zen. Operan, Dimitri hil ondoren heltzen da boterera. Dimitri Ivan Izugarriaren oinordekoa zen. Operan Godunov damuak jota hiltzen da. Historialariek, ordea, ez dute uste Godunovek Dimitri hil zuenik.
Juan Carlos Alvarez operaren aldeko taldeko kideak opera hau orain arte eskaini dituztenen ezberdina dela esan du. Obra “berezia” dela. Izan ere, errusiar herria ordezkatzen duen abesbatzak protagonismo handia du. Bestalde, protagonista baxu bat da. Seguru aski, baxu batentzat idatzitako obra garrantzitsuena da. Gainera, obra politikoa da.