Goierriko ikasleak ere hezkuntza sistema propioaren alde mobilizatu dira
Ikasle Abertzaleak taldeak deitutako Euskal Herri mailako mobilizazio egunarekin bat egin dute gaur Goierriko ehunka ikaslek. Beasainen egin dute goizean mobilizazio nagusia, «hezkuntza sistema propioa» aldarrikatzeko.
Kale Nagusian, Orain, hemen, gure hezkuntza eraiki leloa idatzi ondoren, trikitixa doinuz alaitutako manifestazioa egin dute ondoren, Mugitu ikasle, altxa herria, eraiki berria pankartarekin. Goierriko IAk mobilizazioaren oso balorazio positiboa egin du: “Oso positiboa izan da jendeak izan duen jarrera eta parte hartzea. Goierriko herri, ikastetxe eta adin ezberdinetako jende asko gerturatu da alferkeria etxean edota klasean utziz, eta hauen kalera ateratzeko iniziatiba hartzeak erakutsi du hezkuntzak ganorazkoa izan dadin, herritik eta herriarentzat sortua izan behar duela, duintasunean oinarritua eta denok errespetatuko gaituena”.
Era horretan gogoratu dute, “Goierrin ere gure mesederako eta guk proposatutako hezkuntza dela onartuko duguna, eta ez Espainiar eta Frantziar (Iparraldean) Estatuek inposatzen diguten hezkuntza eredu arrotz eta zapaltzailea”.