2014. urteko literatur bekaren irabazlea da elgoibartarra. 19. edizioko oinarriak kalean daude: ekainaren 30erako aurkeztu behar dira lanak, 35 urtetik beherakoentzat da.
Aitor Aldasoro (Beasaingo alkatea), Unai Villena (idazlea), Xabier Mendiguren (Elkar argitaletxea) eta Joxe Begiristain (CAF).
2014an Beasaingo Igartza literatur saria irabazi zuen Unai Villenaren liburua kalean da dagoeneko:
Hauts haietatik.
1980an Eibarren jaiotako Ander izeneko gazte baten istorioa kontatzen Villenaren lehenengo liburuak. Anderrek bizitza oparoa darama 24 urterekin gaixotzen den arte. Hor dena eteten zaio eta zurrunbilo moduko batean sartzen da. 8 urtez ospitaleratze, desintoxikazio zentro eta psikiatrikoan ibili ondoren, 33 urterekin berriz hasten da bizitzen eta hor aurre egin beharko dio orain onartu eta iragana ulertzeko borrokari, eta borroka horretan kateatuta geratzen da. «Bere txikitako Oier lagunarena jotzen du, bere istorioa idazteko laguntza eskatuz. Oierrek baietz esaten dio eta hori da nobelaren abiapuntua», nabarmendu du elgoibartar idazleak aurkezpenean.
Hortik aurrera, “nobelaren idazketa prozesua eta pertsonaiaren bizitzaren berreraikitzea dago iraganeko oroitzapenetatik tiraka”.
Adiskidetasunaz eta patologia dualaz (drogamenpekotasunaren eta gaixotasun mentalaren arteko nahastea) gain, «garai bati errepaso bat egiten zaio», nabarmendu du.
Puzzlearen egitura
Nobelaren egitura puzzle erakoa da. «Hasierako kapituluak kaxaren azaleko irudia ematen digu eta hor zirriborratzen da gero datorren ia guztia». Hiru motako piezak edo kapituluak daude: «Pertsona izen edo ezizenen kapituluak, izenburutzat zenbaki bat edo urte bat dutenak, eta bestelako izenburua dutenak, lehen pertsonan idatziak pertsonaia nagusiaren pasarteak eta gertaerak deskribatzen dituzte. Konbinaketa horietatik sortzen da nobela».
19. edizioko oinarriak
Beasaingo Udalak, Elkar argitaletxeak eta CAF enpresak elkarrekin antolatzen duten literatur beka da Igartza. 19. edizioko oinarriak kalean daude dagoeneko eta ekainaren 30a da lanak aurkezteko azkeneko eguna. 35 urtetik beherakoentzako beka da.