«Madrilgo talde feminista batek 15 eguneko bidaia bat egiteko deitu zidan»
Emakumeak duela hamarkada gutxi hasi ziren autobusak gidatzen. Apaolaza enpresako Marga Landa (Zumarraga, 1937) Euskal Herriko lehenengotakoa izan zen. Zer dela eta erabaki zenuen autobusak gidatzeko baimena ateratzea? Nire senarrari
Emakumeak duela hamarkada gutxi hasi ziren autobusak gidatzen. Apaolaza enpresako Marga Landa (Zumarraga, 1937) Euskal Herriko lehenengotakoa izan zen.
Zer dela eta erabaki zenuen autobusak gidatzeko baimena ateratzea?
Nire senarrari laguntzeko egin nuen. Autobus enpresa bat dugu eta senarra lanez gainezka egoten zen. 1978an gidatzeko baimena atera behar nuela esan nion.
Zer esan zizun zure senarrak?
Ezetz. Autobus bat gidatzea ez zela batere erraza. Probatzen uzteko esan nion.
Eta gai zinela erakutsi zenuen.
Ordutik, ez nintzen gelditu. Egia esan, baimena oso erraz atera nuen. Garai hartan oso gutxi ginen autobusa gidatzeko baimena ateratzen saiatzen ginenak. Izan ere, egun bezainbeste autobus enpresa zeuden, baina askoz ere autobus gutxiago.
Zer moduz moldatu zinen autobusarekin?
Ondo. Ikastolako haurrekin hasi nintzen. Izan ere, hiru seme-alaba nituen eta ezin nintzen urrutira joan. Ikastolara joan nintzen lehen egunean, Julian (bere senarra) nirekin etorri zen. Atzeko eserlekuan eseri zen. Oso urduri jarri nintzen eta inoiz baino okerrago gidatu nuen. Autobusetik jaitsi nintzenean, ez zela gehiago nirekin igoko esan nion.
Zer esan zizuten ikastolakoek autobusa zuk gidatu behar zenuela esan zenienean?
Oso pozik jarri ziren. Oso gustura lan egin nuen eta jende asko ezagutu nuen: lantegietara eramaten nituen langileak, ikastetxeetako ikasleak, Ormaiztegiko eskubaloi taldeko jokalariak, Bergarako futbol taldeko jokalariak… Denekin oso gustura lan egin nuen.
Ez al zinen inoiz urrutira joan?
Behin senarrarekin Galiziara joan nintzela gogoratzen dut. Bestalde, Antxon Urrusoloren telebista saioan atera nintzen eta Madrilgo talde feminista batek 15 eguneko autobus bidaia egiteko deitu zidan, baina ezin nuen 15 egun etxetik kanpo eman.
Gauzak asko aldatu al ziren lanean eman zenituen 25 urteetan?
Izugarri. Autobusak asko hobetu dira. Gainera, garai batean ikastetxeek ez zuten autobusetan zaintzailerik jartzen eta ni arduratu behar nintzen haurrez. Zorionez, oso txintxoak ziren.
Egun emakume gidari asko daude.
Asko pozten nau. Askok lanpostu bat lortzeko ateratzen dute autobusa gidatzeko baimena, beste edozein ikasketa egin daitekeen bezala. Primeran gidatzen dute.