2015. urtean 45.972 erabiltzaile izan ditu zerbitzuak. Abenduan martxan jarri zuten asteburuetako zerbitzuak ere arrakasta izan du.
Fernando Agirre Legazpiko udaltzainburua. / Arg.: Maialen Igartua
Legazpin 2012ko urrian jarri zuten martxan Junetorri autobus zerbitzua, auzoetako bizilagunei erdigunera joateko aukera eskaintzeko. Hiru urte pasata, udalak zerbitzuaren balorazio oso positiboa egin du. “
Zerbitzua osasuntsu dago, eta jendeak eskertzen du”, esan du Fernando Agirre udaltzainburuak.
Eskaera gero eta handiagoa dela adierazi du Agirrek. Batez ere, irailetik abendura izaten dira erabiltzaile gehien, eguraldi txarra egiten duenean. 2015ean, 45.972 erabiltzaile izan zituen zerbitzuak,
2013an baino 4.700 gehiago. Txartela, berriz, 338 lagunek dute. “Pertsona horiek zerbitzuaren erabilera erregularra egiten dute”.
Asteburuetako zerbitzuak arrakasta izan du
Bestalde, abenduan asteburuetako zerbitzua ere martxan jarri zuten. Hala, aste egunetan ez ezik, asteburuetan ere zerbitzua eskaintzen du Junetorrik, arratsaldeetan. Asteburuetako zerbitzua
martxoaren 26ko asteburuan amaituko da, eta urriko azken asteburuan hasiko da berriz. Otsailean 466 erabiltzaile izan ditu asteburuetako zerbitzuak.
Azkenik, jakinarazi dute aurten
abuztuan ere izango dela Junetorri zerbitzua, lehenengo astean eta azkeneko astean. Hori bai, goizetan baino ez.