Aranzadi Zientzia Elkartea izango da omendua, eta Joseba Insausti artzain ordiziarrari aitortza egingo diote
Ordiziako Artzain Egunaren aurkezpeneko parte-hartzaileak, gaur, Donostian. Arg.: I. Gurrutxaga
Tolosako Fronton jatetxeko
Roberto Ruiz sukaldari beasaindarra arduratuko da aurten Idiazabal Gazta berriaren denboraldi berria irekitzeaz. Pazko asteko asteazkenean, hilaren 30ean, egingo da aurten Artzain Eguna, eta udaletxeko areto nagusian egin ohi den ekitaldian ebakiko du gazta berria. Aurtengo omendua Aranzadi Zientzia Elkartea izango da, Idiazabal Gaztaren izena zabaltzeko egin duen lanarengatik, eta Idiazabal Jatorri Izendapeneko erregulartasun-kalitatea sariak Itxaso Barrenetxeak (Txirri gazta, Abadiño, Bizkaia) artzainen atalean, eta Luis Vicente Larrarteren Lizun Gaztandegiak (Sunbilla, Nafarroa) jasoko dituzte. Era berean,
Joseba Insausti artzain ordiziarrari aitortza bat egingo diote, iazko azaroan jaso zuen
Premios Alimentos de España 2015, al Mejor Queso sariarengatik.
Gaur goizean aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundian Ordiziako Artzain Eguna Xabier Arrutik (Nekazaritza eta Landa Garapenerako zuzendaria), Jose Migel Santamariak (Ordiziako alkatea), Peli Manterolak (Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria), Miriam Molinak (Idiazabal Jatorri Izendapeneko kudeatzailea) eta Roberto Ruizek (Fronton jatetxeko arduraduna).
Lehen sektorearekin duten konpromisoa berretsi dute foru, udal eta jaurlaritzako ordezkariek, eta artzainen lana balioan jarri behar dela. Hori dela eta, Artzain Egunean lehen sektoreko produktuak eta Idiazabal Gazta erosteko deia egin diete bisitariei.
Gazta ekoizpena %8,2 hazi da
Molinak 2015eko kanpaina “positiboa” izan dela adierazi du, eta aurreko urtearen aldean produkzioa %8,2 hazi dela. 1.127 tona gazta ekoitzi ziren iaz Idiazabal Sor Markaren barruan, eta 2016an igo egingo dela espero dute. Gaur gaurkoz 119 gaztandegi daude Jatorri Izendapenaren barruan.
“Tokiko sukaldaria naiz”
Roberto Ruiz tokiko sukaldaritzat du bere burua, Goierrikoa, Tolosakoa. “Hori da nire eremu naturala, Beasaingo, Ordiziako eta Tolosako azoketan egiten ditut erosketak. Guregandik gertu ekoizten diren produktuei duen balioa eman behar zaie, eta hemendik dei egiten diet herritarri azoketan eros dezaten”. Idiazabal Gaztari buruz honakoa esan du: “Tokiko produktu bat da, baina aldi berean unibertsala. Produktu tradizional bat da, eta kalkulaezina da bere balioa”.
ARTZAIN EGUNA 2016
EGITARAUA
09:00: Ahari eta ardien erakusketa-lehiaketa. Eusko Labela duen esne bildotsa burruntzian erreta, Garagartza plazan.
11:00: Bi mila ardi buruk Ordiziako kasko historikoa zeharkatuko dute.
11:15: Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala udaletxean. Roberto Ruiz gazta berria ebakiko du. Aldez aurretik, gazta kalitatearen eta erregulartasunaren sariak banatuko dira.
11:30: Gazta egitea Garagartza plazan.
12:15-13:00: Ile-mozte erakustaldia Garagartza plazan.
*Asteazkenerako ohiko azokaz gain, 400 postu inguru jarriko dituzte herriguneko kaleetan.