Urretxuko Udalak diru-laguntzen plan estrategikoa onartu du
Urretxuko Udalak diru-laguntzen plan estrategikoa onartu zuen atzoko osoko bilkuran. Diru-laguntzen lege orokorrak diru-laguntzak eman nahi dituzten Udal guztiak halako plan bat onartzera behartzen ditu. Planek urtebeteko iraupena izango dute.
Urretxuko Udalak diru-laguntzen plan estrategikoa onartu zuen atzoko osoko bilkuran. Diru-laguntzen lege orokorrak diru-laguntzak eman nahi dituzten Udal guztiak halako plan bat onartzera behartzen ditu. Planek urtebeteko iraupena izango dute. Urretxukoa 2016 eta 2017rako onartu dute, baina datorren urtean berrikusi egingo dute.
Plan estrategikoaren printzipioak honakoak dira: publizitatea eta lehiakortasun askea bermatzea, fondo publikoen banaketan berdintasuna bermatzea, dirua irizpide objetiboen arabera emate eta baliabide publikoak eraginkortasun eta efizientziaz esleitzea.
Planak diru-laguntzen onuradunak, helburuak, kopuruak, kontrola… zehazten ditu. Udalaren hiru sailek emango dituzte laguntzak: Sustapen Soziokulturala, Gizarte Zerbitzuak eta Merkataritza. Aurten, 411.000 euro emango dituzte guztira. Sustapen Soziokultural sailak 251.000 euro emango ditu, Gizarte Zerbitzuak sailak 141.000 euro eta Merkataritza sailak 19.000 euro.
Sustapen Soziokultural departamentuaren laguntzak hauek dira: euskara ikasleentzako, eskolatik kanpoko ekintzetan euskararen erabilera sustatzeko, kultur eta festa ekitaldiak antolatzen dituzten elkarteentzat, euskarazko ekitaldiak antolaten dituzten tabernentzat, euskarazko kartelentzat eta webguneentzat, kirol taldeentzat, film laburrak, bideoklipak eta diskoak grabatzeko, eskola kirola sustatzeko, euskarazko hedabideentzako, haurren artean bertsozaletasuna suspertzeko eta Nafarroa Oinez eta Herri Urrats festei laguntzeko.
Gizarte arloko laguntzak lau dira: elkarteei ematen zaizkienak, nazioarteko kooperaziorako, udal zergak eta tasak ordaintzeko eta gizarte bazterketa ekiditeko. Bukatzeko, Merkataritza sailak bi laguntza ematen ditu: merkataritza suspertzeko eta Gabonetako argiak jartzeko.