Fronte berri batek negu giroa ekarriko du bihartik aurrera
Pazko asteko giro epelak negu giroari utziko dio tokia bihartik aurrera, fronte hotz bat sartuko baita gaur gauean. Tenperaturen jaitsiera handia eta 700 metrotara elurra iragarri ditu biharko Euskalmet metereologia agentziak. Egunaren lehen partean euritara joko du, eta zaparrada mardulak bota ditzake tarteka, baita trumoiak ere.
Tenperaturek ere behera egingo dute; minimoak apur bat jaitsiko dira, baina maximoek beherakada nabarmena izango dute, lauzpabost gradura arte. Hoztearekin batera, elurraren maila ere jaitsi egingo da eta 700-900 metro artean kokatuko da elur maila. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak abisu horia eman du biharko.
Ostiralean ere hozten jarraituko du, eta 0 graduko edo zeropeko tenperaturak izan litezke. Prezipitazio gutxiago espero da ordea, eta eguerdi partetik aurrera, ez du euririk egingo.