‘Bertso txiki, saio handi’ bertso desafioa jokatuko dute Zerainen
Belaunaldi desberdineko zortzi bertsolariren arteko bertso desafioa antolalatu du Zerainlabek. ‘Bertso txiki, saio handi’ lemapean, bi kanporaketa eta finala egingo dituzte apirilean zehar, Zerainen bertan.
Plaza gehiegirik egiten ez duten lau bertsolari gazte (Aratz Igartzabal, Maialen Akizu, Gemma Urteaga eta Eneko Araiztegi) transmisio lanean aritutako lau bertsolarirekin (Jabier Zeberio, Iñaki Murua, Millan Telleria eta Mikel Mendizabal), bikoteka, ariko dira kantuan.
Apirilaren 30eko finalaren aurretik, bi kanporaketa jokatuko dituzte, hiru saiotara, apirilaren 8an eta 15ean: 19:00etan Ostatun, 20:00etan Mandion eta 21:00etan afaria Oiharte edo Otatza sagardotegian.
Entzuleak izango dira epaileak, hiru saioetan puntuazioa emanez.
Finala, eguerdian jokatuko da, belaunaldi desberdinetako zeraindarrek parte har dezaten.
Bertsolariek egin beharreko lanari dagokionez, neurri txikiko ariketak osatuko dituzte: koplak, zortziko txikian, puntuka….
Belaunaldi arteko transmisioa bultzatzearekin batera, Zeraingo jarduera ekonomikoan ere eragin nahi du. Sariak adibidez, herriko artzainen gaztak izango dira; bertso saioak herriko bi tabernetan eta bi sagardotegietan egingo dira; eta Lumagorri oilaskoak izango dituzte afaritarako.
Afariko txartelak aurrez erosi behar dira. Sagardotegietan bertan eman behar da izena: Oiharte (943 50 10 13) eta Otatz (943 80 17 57). Sagardotegiko menua eskainiko dute, baina txuletaren ordez, Lumagorri baserriko oilaskoa jango dute. 25 euro balio du txartelak, kafea barne.
Hiru saio: · Apirilak 8, ostirala. Aratz Igartzabal (Gabiria) eta Jabier Zeberio (Itsasondo) Maialen Akizu (Urretxu) eta Iñaki Muruaren (Gabiria) aurka. 3. saioa, afaria, Oiharte sagardotegian. · Apirilak 15, ostirala. Gemma Urteaga (Beasain) eta Millan Telleria (Albiztur, Gipuzkoa), eta Eneko Araiztegi (Segura) eta Mikel Mendizabalen (Itsasondo) aurka.3. saioa, afaria, Otatza sagardotegian. · Apirilak 30, larunbata. Finala, aurrez sailkatutako bi bikoteekin. 3. saioaren, bazkariaren lekua erabakitzeko dago oraindik.