Bihar hasiko da 'Irakurri, gozatu eta oparitu' egitasmoa, Goierriko lau herritan
Euskaltzaleen Topaguneak bultzatzen du, eta 50 herrik parte hartzen dute. Goierrin: Lazkao, Legazpi, Ordizia eta Zaldibia. Legazpin lehen aldiz parte hartuko dute
Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa Euskal Herriko 50 herritan jarriko dute martxan, bihar hasi eta maiatzaren 31ra arte. Goierriko lau herrik parte hartuko dute: Legazpik, Lazkaok, Ordiziak eta Zaldibiak. Euskaraz irakurtzeko ohitura sustatzea da helburua, horretarako deskontuak eskainita.
Prozedura erraza da. Irakurleak euskarazko liburu bat hartu behar du bere herriko liburutegian. Irakurritakoan, itzuli eta fitxa bat bete beharko du. Fitxa entregatzerakoan, erosketa bale bat emango diote. Bale horrekin, herriko liburu dendetan euskarazko liburu bat erosi ahalko du %35eko deskontuarekin. Kanpainak bi hilabete iraungo ditu, baina baleak ekainaren 11ra arte erabili ahalko dira.
Euskaltzaleen Topaguneak martxan jarritako egitasmoa da. Aurten hamargarren urtea du, eta urtetik urtera herri gehiago parte hartzen ari dira. Duela hiru urte 24 herrik parte hartu zuten, iaz 41ek eta aurten 50ek.
Antolatzaileen esanetan, kanpainak eragin positiboa izaten du herritarrek liburutegian egiten duten euskarazko mailegu kopuruan. Hori da helburuetako bat: liburutegi publikoen erabilera bultzatzea. Bestetik, salmentetan ere eragina du.
Gomendioen zerreda
Aurten, bestalde, berritasun batekin dator kanpaina. Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrak zerrenda bat prestatu du. Zerrenda horretan, 50 liburu gomendatzen ditu, adin tarteetan banatuta.
«Euskaraz idazten duen jende asko dago, eta horiek irakurleak behar dituzte» «Guretzat oraindik berria da, baina horrelako egitasmoak beti etortzen dira ondo» Mailo Pinillos (Legazpiko liburu saltzailea)Legazpin lehenengo urtea dute. Liburutegian emandako erosketa baleak, Apatxo edota Hizkuntza liburu dendetan erabili ahalko dira. Mailo Pinillos Apatxo dendako arduradunak begi onez ikusten du egitasmoa. «Guretzat oraindik berria da, eta ikusi egin beharko da nolako arrakasta izaten duen, baina horrelako egitasmoak beti etortzen dira ondo», adierazi du. Gaztelaniaz liburu gehiago Haurren liburuak, denak euskaraz saltzen dituztela adierazi du Pinillosek; gaztelaniazkoak ekarri ere ez dituzte egiten. Helduentzako eleberriak, berriz, gehienak gaztelaniaz saltzen dituzte. «Ongi ikusten dut euskaraz irakurtzea bultzatzea; konturatzen naiz euskaraz idazten duen jende asko dagoela, lan handia egiten duena, eta horiek irakurleak behar dituzte». Egitasmoaren berri izan ahala, jendea animatuko dela uste du Pinillosek. «Deskontu hitza asko gustatzen zaio jendeari, eta tentazioa izaten da», esan du. Dena den, oparitzeko baino, jendeak norberarentzat erosiko duela uste du. Gainera, Legazpin, egitasmoan parte hartzen dutenen artean 30 euroko erosketa bale bat zozkatuko dute, euskarazko liburuak erosteko. Apirilaren 29an eta 31n izango dira zozketak.













