Foru Ogasuna datorren astean hasiko da errenta aitorpenen proposamenak etxeetara bidaltzen
Gipuzkoako Foru Ogasunak datozen egunetan ekingo dio 2015eko Errentaren aitorpen kanpainari. Hala, 200.000 proposametik gora bidaliko ditu postaz zergadunen etxeetara, datorren asteazkenetik aurrera. Egun horretatik aurrera, Ogasuneko web orrian ere ikusgai egongo dira proposamen horiek. Iazko kanpainak 238.811 proposamen bidali zituen Foru Ogasunak eta horietatik %89,4 onartu ziren.
Ogasunak egindako aitorpen proposamena zuzena bada, zergadunek apirilaren 11tik 25era arteko epea izango dute onespena emateko. Onarpena emateko bi bide daude: Ogasuneko webgunearen bitartez, edota 902 100 040 telefono zenbakira deituta. Bi kasuetan, etxeetara bidaliko den proposamenean agertzen den kodea edo bestela, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) aurkeztu beharko da.
Autolikidazio proposamenarekin ados ez daudenek berriz, ogasuneko bulegoetara jo edo internet bidez egin beharko dituzte tramiteak. Horretarako epea apirilaren 15ean zabalduko da, baina proposamena etxean jaso dutenek, hilaren 19ra arte itxaron beharko dute hitzordua eskatzeko. Aitorpenak egiteko epea ekainaren 25ean bukatuko da.