Jon Erguin eta Unai Yus.
Martxoaren 21tik 26ra Portugalen jokatu den Uci mailako Portugal Tour mendi bizikletako sei etapatako lasterketan hirugarren postua lortu du
Jon Erguin beasaindarrak eta Unai Yus gasteiztarrak osatutako bikoteak. Bi etapa irabazi dituzte gainera: lehenengo eguneko kronoa eta 5. eguneko etapa. Jon Erguinen esanetan, 4. etapa egin zitzaien gogorrena, 93 kilometrokoa eta 3.500 metroko desnibel positibokoa.
Beasaindarrak lehenengo aldiz egin du sei etapako lasterketa bat. “Iaz hasi nintzen 2-3 eguneko lasterketak egiten”. Bikotekako proba izan zen, eta oraingoan Unai Yus gasteiztarra izan du lagun. Aurretik, Ibizan Alex Ordeñanarekin eta Algarven Ekleylson Marques da Silvarekin aritu zen.
Ekainaren 26an munduko txapelketa
Hurrengo erronka nagusia ekainaren 26an du Jon Erguinek: mendi bizikletako maratoi distantziako munduko txapelketa. “Urrian Azoretan lortu nuen pasea, munduko kopako puntuagarria zen proba batean”.