Ampo Ordiziak FC Barcelona aurkari zuzena hartuko du igandean Altamiran
Ohorezko mailako liga ari da azken jardunaldietara iristen, eta hemendik aurrera, partida guztiak izango dira garrantzitsuak ordiziarrentzat. Hare gehiago, parean dagoena sailkapenean aurkari zuzena denean. FC Barcelona hartuko dute igandean Altamiran, eta biak ala biak ere, paretsu dabiltz puntutan. Behetik gora datorren taldea da gainera katalanena, eta etxekoek estu hartu beharko dituzte, azken txanpa honetan hain garrantzitsuak izango diren puntuak lortzeko.
Ampok ondo bukatu nahi du denboraldia; etxean gelditzen zaizkion bi partidak eta kanpoko beste bat irabaziz gero, aurreneko sei postuetan sartu eta play offak jokatzeko aukera izango luke oraindik. FC Barcelona berriz, helburu apalagoekin hasi zen, eta kosta egin zitzaion taularen atzealdetik ateratzea; baina behetik gora egin eta azken jardunaldietan oso emaitza onak lortzen ari da.
Ordizia Kirol Elkarteari omenaldia
Aurten sortu zeneko 75 urteurrena ospatzen ari da OKE, eta Ordizia Rugby Elkarteak ere omenaldia egin nahi dio. Hala igandeko partidaren aurretik (12:00etan hasiko da), ekitalditxoa egingo dute. Bi klubetako presidenteak, Juanbi Erauskin eta Kepa Korta, zelaira aterako dira eta hitz batzuk esango dituzte. Ekitaldi “laburra eta xumea, baina sentitua” izango dela aurreratu dute.