Arcelor Mittaleko langileek egun osoko geldialdia egin dute gaur eta Donostiara joan dira, Aldundiaren egoitzaren aurrean protestatzera. Langileei eta beraien senitartekoei, Donostian eta inguruko herrietan bizi diren urretxuar eta zumarragar
Arcelor Mittaleko langileek egun osoko geldialdia egin dute gaur eta Donostiara joan dira, Aldundiaren egoitzaren aurrean protestatzera. Langileei eta beraien senitartekoei, Donostian eta inguruko herrietan bizi diren urretxuar eta zumarragar asko elkartu zaizkie. Horietako asko, Arcelor Mittaleko langile ohiak. Ainhoa Aizpuru diputatua langile batzordearekin hitz egitera jaitsi da eta ondoren eraikinera sartu dira Markel Olano diputatu nagusiarekin hitz egitera. Olanok Aldundiaren babes osoa dutela eta Eusko Jaurlaritzarekin lantegia ez ixteko lan egiten ari direla adierazi die. Astelehenean langile batzordea zuzendaritzarekin bilduko da Donostian (orduan emango die bere asmoen berri) eta Olanok beraiek ere zuzendaritzarekin bilduko direla esan die langileei. Langileek Olanoren hitzak eskertu dituzte, baina konpromiso zehatzik hartu ez izana kritikatu dute.
Aldundiak prentsa ohar bat igorri dei komunikabideei eta bertan Olanok Zumarragako lantegia ez ixteko exijitu dio enpresari. Olanok bat egin du Zumarragako langile batzordearen eskariekin eta Aldundiaren lana eta tresna guztiak erabiltzeko konpromisoa berretsi du, Zumarragako lantegiko lanpostuak gal ez daitezen eta ekonomia aktibitatea bertan mantendu dadin. “Langileak eta familiak dira lehentasun nagusia Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat eta lanpostuei eusteko lan egiten ari gara”. Gaurko bileran, langileen ordezkaritzarekin komunikazio eta koordinazio bideak sendotu egin direla ere esan du. “Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen planaren testuinguruan, modu koordinatuan jarraituko dugu lanean gainontzeko erakundeekin eta langileekin batera, eta gure ekarpenak eginez”.
Horra hor gaurko kontzentrazioko argazkiak.