Erlezain Eguna antolatu dute bJulian Urkiola, Maria Iraola eta Jaione Karrera omenduko dituzte
Legazpiko Telleri baserriko Markos eta Maitere Madinabeitia anai-arrebak, iazko txapeldunak.
Apirileko lehenengo igandean Erlezain Eguna antolatzen dute Zegaman. Izenak dioen bezala, Gipuzkoako erlezainak eta eztia izaten dira eguneko protagonista nagusiak Aizkorriren magalean. Igandean beraz, Gipuzkoako XVIII. ezti lehiaketa, erlezaintza materialaren erakusketa, ezti lehiaketa herrikoia… zer ikusi, zer ikasi eta zer dastatu ugari izango da Zegaman.
Gipuzkoako ezti lehiaketak leku berezia izaten du Gipuzkoako erlezainen egunean. 2015eko uztari dagokion lehiaketa izango da. 21 erlezainen 21 ezti lehiatuko dira; aurretik, Gipuzkoako zazpi eskualdeetako txapelketetako lehenengo hiru sailkatuak.
Gipuzkoako Erlezain elkartea 490 erlezainek osatzen dute eta Gipuzkoa osoan banaturik 7.500 erlauntza inguru daude.
Iazko edizioan, hiru saritik bi Legazpira joan ziren. Milalore eztiaren atalean, Telleriarte auzoko Telleria baserriko Maitere Madinabeitiak jaso zuen txapela. Gipuzkoan ekoizten den eztirik gehienak milaloreak izaten dira, baina akaziarenak ere ekoizten dituzte erlezainek.
Akazia eztiarekin lortu zituzten bigarren eta hirugarren sariak: Legazpiko Anastasio Mujikak bigarrena eta Irungo Jesus Isidro Mikelatzek hirugarrena. Iazko hiru irabazleen eztiak ez dira igandean Zegaman lehiatuko; bakoitzari dagokion eskualdeko lehiaketan ez baitira hiru onenean artean sailkatu. Maitere eta Markos Madinabeitia anaia-arrebek diotenez, garrantzitsua izaten da Zegamako lehiaketa irabaztea: «Saria irabazteak jendea erakartzen du. Idiazabal gaztarekin gertatzen den bezala, saria irabazten duenak ezti gehiago saltzen du nabarmen».
Madinabeitia anaia-arrebak
Maitere eta Markos Madinabeitia anaia-arrebek 50 bat urte baino gehiago daramate etxean eztia ekoizten. Zaletasuna beti izan zuen Markosek baina «Udanako ezagun bat hil zenean bere semeak ez zuen zaletasunik eta saldu egin zituen erlauntzak. Orduan erosi genituen guk. 50 bat urte izango dira», dio 91 urte dituen Markosek.
Bi lekutan dituzte erlauntzak jarrita eta milalore eztia ekoizten dute. «Gure eztiak ez du berezitasun berezirik, nahasia da, milalorea deitzen zaiona. Izan ere, sagarondoak daude inguruan, akazia ere bai, gaztaina asko dago, txilarra, … denetik biltzen dute eta dena batera jasotzen dugu, nahasian», zehaztu du Maiterek.
Urri aldean jasotzen dute eztia. «Parajearen arabera, lehenago edo beranduago jasotzen da. Guk urri aldera», zehaztu dute. «Erleek neguan ez dute lan askorik egiten, eta egindakotik jaten dute», gaineratu dute.
Etxean egiten dute eztiaren prozesu osoa. Kiloko eta kilo erdiko poteetan saltzen ditu Maiterek Legazpiko azokan, ostiraletan. «Ondo saltzen da eztia. Etxera ere etortzen dira erostera», jakinarazi du Maiterek.
Liztor asiarraren arazoa ere bizi dute Legazpin. «Asko dabiltza. Erlauntzaren ahoa zain egoten dira, erlauntzetik ateratzen diren erleei kosk egin eta hiltzeko».
«Osasun arloaren aldetik, ezti hobea egitea lortu dugu»
Julian Urkiola, erlezain omendua.
Urte askoan Gipuzkoako Erlezain elkartearen batzordeko kidea eta lau urtean lehendakaria izateagatik omenaldia jasoko du igandean Julian Urkiola usurbildarrak, Maria Iraola emaztearekin eta Jaione Karrerarekin batera.
Igandeko Erlezain eguna berezia izango da zuretzat. Omenaldia jasoko duzu Zegaman.
Ez dut merezi nik omenaldi hori. Nik ez dut lanik egin Erlezain elkartean Zegaman ni omentzeko. Baina azken finean, eskertzen da.
Erlezain elkartean urte askoan lan asko egindakoa zara.
Lehendakari bezala lau bat urte; batzordean 30 bat urte bai. 17 urte daramagu eskualdeko lehiaketak antolatzen. Zegaman Gipuzkoako txapelketa egiten da, baina aurretik eskualdeetako lehiaketak egiten dira. Eskualde bakoitzeko hiru onenak eramaten ditugu Gipuzkoako lehiaketara.
Zer lortu du Erlezain Elkarteak urte hauetan guztietan?
Geure artean esperientziak trukatzeko balio izan digu eta hori oso ona da. Elkartzea ona da, bakoitzak bere buruari begira egon beharrean bakarrik. Elkartuta beti ateratzen da zerbait. Hobekuntzaren bat etortzen da. Bestetik, osasun arloaren aldetik, ezti hobeagoa egitea lortu dugu.
Eztiaren onurak gizarteratzen ere lan asko egin duzue.
Ez eztiarena bakarrik, erlauntzaren barruan dauden produktu guztiak sendagai bezala erabiltzea defendatzen dugu. Eztia ez da jateko gozoa bakarrik. Osasun onurak ere asko ditu. Zalantzarik gabe, antibiotiko naturalik onena da ez eztia.