Txosna gunearen alde
Txosna gunearen aldeko festa egin dute Lazkaon. Udalak diru-laguntza kendu diela salatu dute. Prentsaurrekoa eman dute eta ondoren bazkaria eta musika emanaldiak egon diraLazkaoko Txosna Batzordeak festa bat egin du asteburuan, aurten udalak dirulagunt...
Txosna gunearen aldeko festa egin dute Lazkaon. Udalak diru-laguntza kendu diela salatu dute. Prentsaurrekoa eman dute eta ondoren bazkaria eta musika emanaldiak egon dira
Lazkaoko Txosna Batzordeak festa bat egin du asteburuan, aurten udalak dirulaguntzarik ez diela emango salatzeko eta jaietako ekitaldiak antolatzeko behar duten dirua lortzeko.Festa larunbatean egin zuten. Eguerdian prentsaurrekoa eman zuten eta ondoren Urretxu eta Zumarragako gaztetxeko elektrotxarangarekin poteoa egin zuten. Bazkariaren ondoren, Barracuda eta Katekexix taldeek jo zuten.
Prentsaurrekoan Txosna Batzordeak, «herriko jaiak indartu asmoz», aspalditik «egitarau oparo bat» antolatzen duela gogoratu zuten. «Garai batean jartzen genituen txosna haietatik, karpa handi bat jartzeko saltoa eman genuen eta arrakasta ez da edonolakoa izan. Antolaturiko ekintzak askotarikoak izan dira: mozorro eguneko bazkaria, tortilla lehiaketa, umeentzako ginkana eta jolasak, herriko merkataritza bultzatzeko egitasmoak, kontzertuak…».
Gainera, karpa herriko talde guztiei zabalik egon dela oroitu zuten. «Txosna guneak ateak zabalik izan ditu, herriko taldeek beraien ekintzak egin ahal izateko, txosna batzordeak bere diruarekin ordaintzen duen karpa erabiltzeko».
Trabak
Udal gobernu berriak trabak jarri dizkiela salatu zuten. «Lehen bileratik garbi utzi digute txosna gunearen aurkako jarrera. Festetan antolatzen diren gainontzeko ekintzek ez bezala, aurtengo jaietan txosna guneko egitarauak ez du udalaren inongo babes ekonomikorik izango eta bertan antolatuko diren ekintzak autofinantziatuak izan beharko dira. Beraien aurreiritzi eta garai bateko esaldiekin argudiatu dute erabakia. Denok dakigu ze koloretako jendea ibiltzen den hemen, esan digute».
Ez daudela horrelakoak entzuteko prest gehitu zuten. «Txosna Batzordean Kolore asko ditugu eta gure helburua Lazkao kolore anitzeko herri bizi bat izatea da. Ez dute gure lanean eta gure herriaren aldeko konpromisoan atzera egitea lortuko eta guztion laguntzarekin jaiak denon artean eta denontzat egindakoak izatea lortuko dugu». Prentsaurrekoaren amaieran koloretako globoak aireratu zituzten.













