Igor Alustiza 'Nikkin'-en ihesaldia
Bederatzi abestik osatzen dute Igor Alustiza 'Nikkin' musikariaren disko berria: 'Ihes'. Nondik datorren eta nora doan laburbiltzen du Nikkinek bere lehen lan luzean.
Bederatzi urterekin hasi zen beasaindarra gitarra jotzen. «Lehen egunetik zur eta lur utzi zituen irakasleak gitarra baino txikiagoa zen kakanarru hark instrumentuari doinuak atera eta kantuak sortzen zuen gaitasunarekin. Igorrentzat gitarra zahar hura zen bere jostailurik maiteena eta hamahiru urterekin, bere lehen rock taldea sortu zuen gerora Goierriko musika eskeman garrantzia izan duten beste hainbat kakanarrurekin batera». Horixe dio Igor Alustiza ondo baino hobeto ezagutzen duen Mikel Alvarezek.
Ia bizitza osoan gitarra lagun izan du. Nikkineraino iritsi arte, Spurium, The Gu eta Zero taldeetan aritu izan da. «Giltzurrenetako gaixotasuna izan zuenean ere, musikan topatu zuen babesa eta motibazioa», gogoratu du Alvarezek. Nikkin sortu eta bere doinuei eta kantuei forma ematen hasi zen etxean egokitu zuen estudio txikian.
2014ko Jazpana jaialdian agertu zen eskenatoki gainean. Kontzertu hartan aurkeztutako kantuetako batzuekin eta harrezkeroztik sortutako beste batzuekin osatu du Ihes. Sound Source estudioetako Arkaitz Carrascoren laguntza izan du. Alvarezek zehaztu duenez, disko berria «bere bizia musika den talentu baten proiekturik pertsonalena da. Musikatik aldendu eta bizitzaren krudeltasunak sekula utzi behar ez zuen bidera itzuli duen talentu baten lana».
- Informazio gehiago Nikkin-en bandcamp orrialdean.













