Arrantza sasoia hasi da Goierrin
Ibaietan eta erreketan apirilaren 3tik uztailaren 31ra egin ahalko da arrantza. Eskualdean Lareo eta Arriaran urtegiek barruti izaten segitzen dute. Asteartea, jai
Igandeaz geroztik libre da Goierriko —eta Gipuzkoa osoko— ibaietan eta erreketan arrantza egitea, federatutako eta baimena daukaten arrantzaleentzat. Gipuzkoako Foru Aldundiak apirilaren 3tik uztailaren 31ra zehaztu du arrantzaldia, bi egunak barne. Hil gabeko arrantza egiteko barrutietan —Goierrin Arriaran eta Lareo urtegiak— sasoia irailaren 30ean bukatuko da.
Asteko egun guztietan ibili ahalko da arrantza, astearteetan izan ezik (jaieguna baldin bada, bai). Eguzkia irten baino ordubete lehenago has daiteke, eta sartu ondoren ordubete geroago arte.
Aldundiak martxoaren 2ko aldizkari ofizialean argitaratu zuen arrantza denboraldia arautzen duen agindua, bere arau, debeku eta betebeharrekin. Horren arabera, arrantzale bakoitzak amuarrain arruntaren hiru ale harrapa ditzake, gehienez. Barrutietan 5 da kopurua. «Harrapaketan hautaketarik egin ez dadin, ezingo da baimendutako tamainako amuarrain bat harrapatzen baldin bada hura ibaira itzuli», dio arau batek; egun osoan hil gabeko modalitatea bakarrik egiten den kasuan salbu.
Gutxieneko neurriak
Harrapa daitezkeen espezieak zerrendatu ditu aldundiak: amuarrain arrunta, amuarrain ortzadarra, barboa, zamoa, izokin atlantiarra, loina txikia, lupina arrunta, hondoetako korrokoia eta platuxa atera litezke soilik. Karramarroaren arrantzak debekatuta jarraitzen du.
Amuarrainetan, gutxieneko neurria 22 zentimetro da, eta gehienekoa 35.
Kainabera da onartutako tresna bakarra. Arrantzale bakoitzak bi erabili ahalko ditu gehienez. Salabardoa ere lagungarri gisa erabil daiteke. Beita gisa, debekatuta dago arrain biziak edo hilak jartzea amuan. Zebra muskuilua ez hedatzeko, desinfektatu behar dira tresnak eta botak.













