Olaberriko Arcelor Mittalen langileen bilkura, amiantoaren gaia azaleratuz./Aimar Maiz
Amiantoa “hiltzaile isila” dela ohartarazi, eta substantzia kaltegarri horrek eragindako gaixotasunen kasuetan ardurak hartzeko eskatu die langileek enpresari, gaur, Olaberrian. Arcelor Mittal enpresaren bulegoen aurrean ordu eta erdiko bilkura egin du langile talde batek, Enpresa Batzordeak deituta.
Altzairutegi horretan, amianto hautsa irensteak eragindako gaitzen ondorioz (asbestosia, biriketako minbizia…) lau langile hil dira. “Azkeneko bi urteotan hiru langile hil dira, eta duela lau urte inguru beste bat zendu zen. Beste batzuk gaixorik daude”, azaldu du langile batek, pankartaren atzetik.
Berriki hildako Manuel Santas eta Luis Antonio Cardozo gogoratu dituzte, baita 2014ko otsailean hildako Marcos Pecharroman eta lehenago zendu zen Jose Benito Acosta ere.