Ampo Ordizia eta Bathco taldeak, otsailean Ordizian jokatutako partidan.
Etxetik kanpo jokatu arren, ordiziarrek aukera ona zuten garaipena lortu eta Ohorezko Mailako jarraikortasuna ziurtatzeko. Santanderrerako bisita antzua izan dute, ordea, ez baitzuten defentsako bonusa ere lortu. Markagailuan atzetik hasi arren, lehen zatian eutsi egin zion Ampok etxekoen erasoari. 19 eta 7koarekin joan ziren atsedenaldira. Handik bueltan, aldea murriztea lortu zuten ordiziarrek, Simpsonen entsegu batekin. Hortik aurrera ordea, gainbehera etorri zen Ordizia. Etxekoek hainbat aldaketa egin zituzten eta joko aldetik ere nabaritu zen hobekuntza. Handik aurrerakoa, emaitzak berak azaltzen du: 50-14.
Ordiziak bizi zuen egoera juxtukoa bazen, larritzen hasi da orain. Jaitsiera zuzeneko postuak ekiditea lortu dute, baina oraindik jaitsierako play offa joka dezakete. Bi jardunaldiren faltan, 9. postuan dago Ordizia, 38 punturekin (Getxo Artearekin berdinduta eta Hernanik baino 10 puntu gehiagorekin).
Hilaren 24an hil ala biziko partida jokatuko dute etxean; Hernani hartuko dute, talde gipuzkoarren arteko derbian. Azkeneko jardunaldia berriz, kanpoan jokatuko dute, sailkapeneko azken postuan dagoen CRC Pozueloren kontra.