Andoni Egañaren idatzia ‘Berria’ egunkarian, Arcelor Mittalen itxierari buruz
Andoni Egaña bertsolariak Arcelor Mittalen itxierari buruzko artikulua idatzi zuen igandean Berria egunkarian. Horra hor: “Puntakoetan inor ez zaigu tokatu ongile” kantatzen zuen Xabier Letek. Garai hartan ez nintzen jabetzen
Andoni Egaña bertsolariak Arcelor Mittalen itxierari buruzko artikulua idatzi zuen igandean Berria egunkarian. Horra hor:
“Puntakoetan inor ez zaigu tokatu ongile” kantatzen zuen Xabier Letek. Garai hartan ez nintzen jabetzen ia zer esan nahi zuen ere. Gerora, zoria (ona edo txarra esaterik ez dago) nahikoa hurbil pasatu zitzaidala konturatu nintzen. Diru-poltsa handirik gabe eta kale-etxe batean maizter ezagutu nuen gure birramona Manttoni. Laurogeitaka luzea zuen nik zazpi-zortzi urte nituela. Beste garai batzuk ziren. Lau belaunaldi bizi ginen etxe berean. Zaharretan umetuenak eta umerik zaharrena nintzen honek karta-jokoan egiten genuen buruz buru. Berorika egiten zioten gainerakoek amona Manttoniri eta nik ere hala egiten ikasi nuen. Eta bizitza aski ulergaitza zela konprenitzen hasi nintzen, behin amak, amona Manttoniri punttuan sekula gehiago ez irabazteko agindu zidanean. Jokatu bai, baina irabazi ez, ikaragarri ozpintzen omen zen eta. Egiazko minez hasi nintzen propio ez irabazten. Jokoan txakur-txikirik ere galtzea eraman ezin zuen birramona Manttoni hura Esteban Orbegozoren arreba zen, tratu handirik ez zuten baina. Zumarragako Arcelorreko langileen egoera larriak hainbat kontu ekarri dit gogora.
Gauzak ez dira kasualitate hutsez gertatzen. Gehienetan erabaki uneren bat izaten da gerora ahaztu egiten bada ere. Esteban Orbegozok Zarautzen jarri zuen lehen tailerra, «txerrikale»n, «astotegi»aren ondoan, herri herrian. Txiki geratu zitzaiola iritzi eta Zarauzko Udalarekin beste lur-sail batzuren traturik egitea ez zuen lortu. Eta orduan jo zuen, 1930ean, Zumarragara. Artean horri ez zitzaion «deslokalizazio» deitzen. Zarautz hasia zegoen nonbait «Erreginen hondartza» eta «hondartzatan Erregin» izan nahian eta burdin-hautsek ingurua itsusitu baino ez zutela egingo erabakiko zuten agintariek. Ia mende bat igaro delarik, Estatu osoan Zarautz da etxebizitza garestien duen udalerria joan zen astean jakitera eman denez eta Udala bera herriko enpresarik handiena. Ez noa baloraziorik egitera, Koldo Izagirreri arrazoia emateaz haratagokorik. Ez dugu begien bistan nahi ez txerri, ez asto, ez ohol, ez behebarru zikin, ez langile buzodun. Bitez, baina herrigunetik urrun, industrialde deituriko horietan. Bizimodua gauza bat eta bizitza beste bat balira bezala gobernatu nahi gaituzte.
Bidenabar esanda, Googlen eta Wikipedian den dena aurki daitekeela sinetsita dabilena ere ez dabil zuzen. Esteban Orbegozoren jatorria aurkitzen prakak bete lan izango du ni baino iaioagoa ez denak. Dirua pilatzeak ez dauka nonbait literaturarekin zerikusirik. Aitari-eta entzunda dakit Orbegozoren jatorria Aiako Santio-errekan dagoela, Arrazubi baserrian edo. Eta atentzioa eman dit udalerriaren web orrian landa-turismo etxeenak bai, parke natural eta interpretazio zentroenak ere bai, baina horrelako aipamenik ez topatzeak.
Aiatik Zarautzera eta Zarauztik Zumarragara, Orbegozo haren ondorengo den Arcelor Mittal multinazionalak, zortzi herriko lantegian utzi eta 342 langile lekualdatu egin nahi ditu Asturias aldera. Gaur egungo altzairuaren merkatuan Zumarragako lantegia ez dela lehiakorra dio zuzendaritzak. Bideragarria dela diote langileek eta lanpostuen defentsan borrokarako prest daudela erakutsi dute. Multinazionalek ez dute ordea, bihotzik eta langileentzat atarramendu txarreko aferaren itxura du honek. Nagusia Santio-errekakoa zenean langileentzat bizimodua samurra ez bazen, Londondik gidatzen dutelarik ez da errazagoa izango.
Estebanen arrebari utzi egiten nion nik jokoan irabazten, amak hala aginduta. Jokoan gehiegi dutelako, Arcelorreko langileek horixe ez dute egin behar. Galtzen utzi. Eta erakundeek -Jaurlaritzak, Foru Aldundiak, Udalak- egin behar ez dutena da gure amarena. Juxtu kontrakoa egitea eskertuko genieke: irabazteko agindu eta irabazten lagundu.