Oin-Arinek 50. urteurrena ospatzeko lehen saioa larunbatean egingo du
Gaur egun dantza taldean dabiltzan dantzari guztiek urteko ikuskizuna egingo dute. Kiroldegiko pilotalekuan da. Harmaila gehigarriak jarriko dituzte; sarrerak salgai diraUrte berezia da 2016.a Lazkaoko Oin-Arin dantza taldearentzat. Mende erdia bete du...
Gaur egun dantza taldean dabiltzan dantzari guztiek urteko ikuskizuna egingo dute. Kiroldegiko pilotalekuan da. Harmaila gehigarriak jarriko dituzte; sarrerak salgai dira
Urte berezia da 2016.a Lazkaoko Oin-Arin dantza taldearentzat. Mende erdia bete du aurten, 1966an dantza talde gisa lehen oinarriak jarri zirenetik. Urtemuga hori goitik ospatuko dute, bai gaur egun taldea osatzen duten dantzariek, bai 50 urteotan pasatu direnek.Bi ekitaldi nagusi aurreikusi dituzte, eta lehenengoa larunbatean izango da: Oin-Arinek urtero egin ohi duen ikuskizunean dantzari guztiek parte hartuko dute, gaitzat 50. urteurrena hartuta. Beste ospakizun saioa San Migel festaren inguruan izango da, irail-urrian. Orduan, dantzari ohiek ere parte hartuko dute, egun osoko «jai erraldoian».
Larunbateko ikuskizunari dagokionez, lekua aldatuko dute. Orain arte urtero Arerian egin izan badute, oraingoan Barandiaran kiroldegiko pilotalekuan izango da dantza saioa.
776 lagunentzat lekua
Tokia irabazteagatik egin dute aldaketa. «Iaz, adibidez, bi saio egin behar izan genituen Arerian, jendea kanpoan geratu zelako lehenengoan. Aurten, kiroldegian antolatzeak lan gehiago suposatu digu, baina espero dugu ikusi nahi duten guztiak sartzea», azaldu du dantza taldeko batzordeko Sara Sanchezek.
Harmaila mugikorrak muntatuko dituzte frontoian, eta aulkiak jarriko dituzte; betiko harmailako edukiaz aparte. Denera 776 ikusle sartzeko azpiegitura jarriko dute kiroldegian.
Horrez gain, soinu ekipoa eta oholtza ere beharko dituzte. «Gastua suposatu digu. Horretarako, sarrera 3 euroan jarri dugu». Ahoxuri gozo-dendan eros daitezke.
Dantza ikuskizuna 19:00etan hasiko da, eta bi ordu inguru iraungo du. Ikuskaria gai baten inguruan ardazten dute, beti. «Aurten baldintzatuta geunden. 50. urteurrena landuko dugu, dantzen bidez, taldea nondik nora etorri den azaltzeko», dio Sanchezek.
Lehen saio berezi horren ondoren, San Prudentzio jaiei helduko die Oin-Arinek. Erromeria, sueltoko dantza lehiaketa, udal agintarien sokadantza… egingo ditu, urteroko legez.
Martxoaren 13az geroztik, Dantzari Txikien egutegian ere sartuta dago. Lazkaoko Dantzari Txiki eguna ekainaren 12an izango da, Oin-Arinek antolatua.













