Orain arteko hemengo ziza kopururik handiena agertu da, kiloa pasa; landare eta lore aukera zabala, baina garaiz da oraindik.
Astetik astera zabaltzen ari bada ere lore eta landare aukera, oraindik jende askorik ez dabil postu horietan. Landareei dagokienez, piper, tomate, kalabaza edo kuia, kuiatxoa, luzokerra, leka… izan badaude. Baina saltzaileek beraiek diote berotegia izan ezean oraindik ere goiz dela horiek aldatzeko.
Kontu beretsua zioten lore saltzaileek ere. Postua dotore dute landare berriek izan ohi duten grazia, kolore eta alaitasunarekin, baina oraindik prudentziaz jokatzen ari dira bezeroak eta ez da ilararik sortzen.
Gaztaren hilabetean Xoxote gazta saldu ohi duen Edurne Ezenarro azpeitiarraren txanda izan zen atzokoan.
Udaberriko zizari dagokionez, aurten izan den hemengoen kopururik handiena atzo Aierbe ataundarrak ekarri zuen: 1.200 gramo, kiloa 50 euroan. Laster saldu ziren. Kanpoko zizek eta onddoek osatu zuten mikologia atala.
Arrautzen garaia
Librean dabiltzen oiloen arrautzen garaian gaude. Punturik emankorrenean daude oiloak. Kanpo librean ibili ohi direnen erruteko garairik onena hauxe da. «Eguraldiak eragin handia du hauentzat, udazkenean normalean baina beranduagora arte aritu ziren arrautzak egiten eta orain, berriz, azken boladako hotzekin beranduxeago hasi direneko errezeloa dut. Oraintxe ugariena, bero handiak hasi artean», aipatzen zigun Kontxi Aiestaran orendaindarrak, oilo eta oilarrekin bizi dituzten abenturatxoak aipatzen zituen bitartean, hori ere mundu bat baita. Idiazabalgo bezero bati hau jaso genion: «Oilarrarekin ibilitako oiloen arrautzak ez omen dute kolesterolik».
Garbi dagoena da arrautzak merkatuan urte guztian ikusten badira ere, natural, librean bizi diren oiloenek bere garaia dutela eta oraintxe dela. Merkeago ere erosi daitezke, baina kalitate gorenekoak nahi badira 3,5 euro eta 4,5 euro artean ordaindu behar da dozena.
Elkartrukekoak, ferian
15-18 urteko gazte kuadrilla handia agertu zen plazara 09.30a aldera. Beasaingo Institutoko eta Polonia, Eslovenia, Italia eta Turkiako ikasleak ziren. Arantxa Ortiz zegamarrak azaldu zuenez, «elikadura jasangarriaren pro-iektua lantzen ari gara elkarrekin, ingelesa praktikatzearekin batera, eta horregatik gaude hemen—. Etxera zer eraman zezaketen bilatzeko ere baliatu zuten.