Ane Mujika, prentsaren aurreko agerraldi batean. Argazkia: Kaleratzeak Stop Desahucios.
Gipuzkoako Kaleratzeak Stop Desahucios plataformak gaur Ormaiztegin hil den Ana Mujikaren heriotza salatu du. Sare sozialetan zabaldu duten oharrak dioenez, “ezin izan du bankuen kontrako borrokarekin jarraitu eta duela ordu batzuk utzi gaitu, banketxeen traumak eragindako osasun arazoak gainditzeko indarrik gabe”.
Kaleratzeak Stop-en arabera, “bankuarekin izandako negoziazioetan jasan behar izan duen presioa, ziurgabetasuna, eta bere bizimodua zuen okindegiari eusteko egin behar izan duen ahalegin ikaragarria” azpimarratu ditu eta “egoera horretan dauden pertsonek bizi duten estutasunak, ondorio larriak” eragiten dituela salatu.
Urtetako borrroka
Ormaiztegi Aintziñe okindegiaren kargu zegoen Ana Mujika. 2015eko apirilean, haren kasua ezagutarazteko agerraldia egin zuen Kaleratzeak Stop Desahucios plataformak, Donostian. Laboral Kutxak bere etxea, lan egiten zuen okindegia eta berme edo abal moduan jarria zuen gurasoen etxea husteko agindua eman zuen, eta urtebetez baino gehiagoz, erabaki horren kontrako borrokan aritu izan da. Agerraldi hartan Mujikak berak azaldu zuenez, 2006. urtean 500.000 euroko kreditua eskatu zion Laboral Kutxari okindegia martxan jartzeko. Krisi garaian ordea, okindegiak ez zuen kreditu horri aurre egiteko adina fakturatzen. Mujikak, nahi zuen bakarra “gurasoen etxea eta okindegia mantentzea” zela azaldu zuen.