Udalak Ormazabal etxeko zuhaitzak bota egingo ditu erortzeko arriskua badute
Otsailean Urretxuko Ormazabal etxea bota zuten, baina aurrealdeko bi magnoliak bertan utzi zituzten. Burdinazko egitura bat jarri dute, zuhaitzak eror ez daitezen. Udalak ez ditu bota nahi, baina erortzeko arriskua
Otsailean Urretxuko Ormazabal etxea bota zuten, baina aurrealdeko bi magnoliak bertan utzi zituzten. Burdinazko egitura bat jarri dute, zuhaitzak eror ez daitezen. Udalak ez ditu bota nahi, baina erortzeko arriskua dagoela ikusten badu, bota egingo ditu.
Obra garrantzitsu bat egiten den bakoitzean, zuhaitzen inguruko zalantza pizten da. Oraingoan ere hala gertatu da. Udalak bi magnoliak mantendu nahi ditu, baina etxebizitza berrien aurrean egingo duten plaza espaloiaren altueran egongo da eta zuhaitzak ia lurrik gabe gelditu dira: alde batean horma dute eta bestean lur apur bat.
Gainera, Domingo de Mendiaratz plazako garaje sarrerak eta etxe berrikoak bat egingo dute, zuhaitzetako batek sarrera zabalagoa egiteko tokirik uzten ez duelako. Dena den, Jon Luqui Urretxuko alkateak erabakiak segurtasunean oinarrituta hartuko direla esan du. «Bi zuhaitzak bertan uztea erabaki zen eta inguru horren planifikazioa zuhaitzekin egin zen. Hori dela eta, garajeetako sarrera arraro samar geldituko da. Baina ondoko zuhaitzak gaixo zeuden eta hauen osasunari buruzko txosten bat eskatu dugu. Gainera, ez dago batere argi ondoan duten paretarekin eta inguruan izango duten lur eremu txikiarekin zutik eutsi ahal izango dioten. Hori dela eta, badaezpada ere, promotoreari zuhaitzak eusteko eskatu diogu».
Erortzeko arriskua badago, kendu egingo dituzte. «Badakit jende askok zuhaitzak bertan mantentzea nahi duela, baina ezin gara eroriko diren beldurrez bizi. Arriskua badago, nahiago dut zuhaitz hauek kendu eta beste batzuk landatu. Azkenean zuhaitzak kendu beharra dagoela ikusiko bagenu, garajeetako sarrera aldatu egingo genuke. Hala, bi garajeetako autoek ez lukete topo egingo irteeraren goialdean. Garajeetako jabeek zuhaitzak botatzeko eskatu dute, baina erabakia hartzeko orduan segurtasuna izango da kontuan hartuko duguna. Lorazainen txostenean oinarrituko gara».
Parte hartze prozesua
Plaza berria, ondoko biak ez bezala, berdea izango dela gehitu du Urretxuko alkateak. «Etxe berria Ormazabal etxea baino atzerago egongo da eta, beraz, plaza eder bat egiteko aukera dugu. Espaloiaren altueran egongo da. Parte hartze prozesu bat martxan jarriko dugu nolako plaza nahi dugun erabakitzeko».