Arcelor Mittaleko langile batzordeak eta zuzendaritzak kontsulta epea astebete luzatzea adostu dute
Arcelor Mittaleko langile batzordeak eta zuzendaritzak bilera egin dute gaur arratsaldean Zumarragako lantegian. Bi aldeek bereari eutsi diote eta kontsulta epea beste astebete luzatzea adostu dute. Orain arteko bilerek ez
Arcelor Mittaleko langile batzordeak eta zuzendaritzak bilera egin dute gaur arratsaldean Zumarragako lantegian. Bi aldeek bereari eutsi diote eta kontsulta epea beste astebete luzatzea adostu dute. Orain arteko bilerek ez dute fruiturik eman. Enpresak langile gehienak Asturiasera bidali nahi ditu, 50 langileri Euskal Herriko gainontzeko lantegietan gelditzeko aukera eskainiko die eta 24 aurre-jubilatu egin nahi ditu. Langileek ez dute birkolokazioez hitz egin nahi eta Zumarragako lantegia ez ixteko eskatu dute. Gaur zuzendaritzari etorkizuneko plan bat adostea eskaini diote, baina ezezkoa jaso dute.
Enpresak kontratatutako aholkularitza batek Zumarragako lantegia ez dela bideragarria dio eta langileek aholkularitza horri bere txostena egiteko eman zitzaion informazioa eskatu zuten. Langileek enpresaren erabakia negoziatzeko ahalmena duten ordezkariak bidaltzeko ere eskatu dio beste aldeari. Aholkularitzak bere txostena egiteko erabili zuen informazioa ostiralean jaso zuten langile batzordekoek eta sindikatuen zerbitzu juridikoek informazio hori aztertu dute. Hala, gaur, lehenengoz, enpresak lantegia ixteko aurkeztu dituen arrazoiez eztabaidatu ahal izan dute. Dena den, zuzendaritzako kideek arrazoi hauez ez dela eztabaidatu behar eta lantegiaren itxieraz hitz egin behar dela esan diete langile batzordekoei. Hurrengo bilera bihar bertan izango da, 10:00etan.
Langile batzordeak instituzioei eta gizareari lantegia zabalik mantentzeko lan egiten jarraitzeko eskatu die.