1980an sortua Domarda elkartearen atal modura, haurrengan eta gazteengan mendizaletasuna bultzatu du, eta horretan dihardu. «Ohore handiz» irekiko dituzte jaiak, bihar, udaletxeko balkoitik.

Mendiaren balioak gizarteratzen eta gazteengan txertatzen 36 urteko ibilbidea egin du Amalur mendi elkarteak. Festa Batzordeak hari eman dio aurten San Prudentzio jaiak hasteko ohorea, bihar 19:00etan udaletxeko balkoitik suziria botata eta pregoia leituta.
1980 inguruan sortu zuten Amalur. Joxean Madariaga, Pepe Tejados, Jose Luis Garcia eta haien ingurukoak izan ziren sortzaileak. 1984tik aurrera jende gehiago sartu zen zuzendaritzan, tartean Pedro Solis; 2012ra arte jardun zuen. Solisekin batera, Joxeantonio Aldanondo Ttantton (2012-2016 epean arduraduna) arduratuko da txupina pizteaz.
Domarda elkartearen atal bat izan da betidanik. «Beraz, esan liteke Domardako bazkide guztiak garela Amalurreko kide. Bestalde, badira Domardako kide ez direnak baina urtero GMFren eta EHMFren lizentzia ateratzen dutenak. Horiek ere badira Amalurreko kide», azaldu dute mendi elkarteko gaur egungo arduradunek.
Hala, 2016rako Lazkaon 213 mendizale lizentzia bideratu ditu Amalurrek —elkartea antolatzen da urtero izapideak egiteaz—. Domardako bazkide eta lizentziadunak 16 dira, eta hango kide ez direnak 197.
Sortzaileekin gogoratuz
Haurren eta gazteen artean mendizaletasuna bultzatzea du helburu Amalurrek. Ikastolarekin hitzarmena du, eta kurtsoan zehar irteerak egiten dituzte, igandeetan, hamabost egunero.
Esparruko jira eta Lazkaomendiko jaietako umeen ibilaldi neurtua ere antolatzen ditu.
Bihar txupinazoa botatzea «ohore handia» da Amalurreko kideentzat. «Batez ere sortzaile izan zirenentzat, eta urte hauetan guztietan lan isil bikaina egin dutenentzat». Lanean jardundakoen aitorpena egin eta esker ona adieraziko diete.