Beteranoen futbol partidak eta paella jana antolatu dituzte anexoaren inaugurazio egunerako
Zumarragako Argixao estadioko anexoa ekainaren 25ean inauguratuko da, Santa Ixabel jaien barne. Hartxintxarrezko futbol zelai zaharrean jokatu zutenek futbol partidak jokatuko dituzte eta ondoren paella jana egongo da bertaratzen diren
Zumarragako Argixao estadioko anexoa ekainaren 25ean inauguratuko da, Santa Ixabel jaien barne. Hartxintxarrezko futbol zelai zaharrean jokatu zutenek futbol partidak jokatuko dituzte eta ondoren paella jana egongo da bertaratzen diren guztientzat.
Udalak eta Urola kirol elkarteak prentsaurrekoa eman dute gaur anexoan bertan. Jon Alustiz Urolako presidenteak, Delfin Moreno entrenatzaileak, Valentin Tena zuzendaritzako kideak, Valentin Barrena presidente ohiak eta Mikel Serrano alkateak parte hartu dute. Guztiek futbolaren festa hau antolatzeko sortu den batzordearen kide dira.
Partidak 11:00etan hasi eta 13:00ak aldera bukatuko dira. Anexoaren zeharkako bi zelaietan jokatuko dituzte. Hartxintxarrezko futbol zelai zaharra ezagutu zutenek jokatuko dute. 40 eta 70 urte arteko jendea denez, partida motzak izango dira: 20 minutukoak. Zelai zaharrean jokatu zutenei deialdia luzatu diete. Izena ematen duten guztiekin zerrenda bat osatuko dute eta ondoren taldetan banatuko dituzte. Parte hartu nahi dutenek, Ispilla kiroldegian (943 72 49 61) edo Argixao estadioan (943 72 03 12) eman behar dute izena.
Argixao estadioko anexoa oso egoera txarrean zegoen eta Urolak urte asko zeramatzan konpontzeko eskatzen. Azkenean, Aldundiaren eta Gipuzkoako Futbol Federazioaren laguntzarekin, belar artifiziala jartzea lortu dute. Udalak gastuaren herena ordaindu du. Horretaz gain, zelaiaren inguruan zirkuitu bat egin dute auzoko bizilagunek paseatzeko eta txoko batean jaurtitzaileentzako entrenamendu tokia prestatu dute. Aldagelak inaugurazio egunerako prest egongo dira.