CAF enpresak 72.000 euro emango dizkio amiantoagatik hildako langile baten sendiari
Beasaingo CAF enpresak Gabriel Goñi langile ohiaren sendiari 71.897 euroko kalteordaina ordaintzea erabaki du, familiak enpresaren kontra jarritako salaketaren ondoren. Goñi 2015eko urtarrilean hil zen, amiantoak eragindako Mesotelioma pleural baten ondorioz. Goñik ia bizitza osoa pasa zuen CAFen lanean, eta enpresak “inolako prebentzio neurririk” ez zuela hartu salatu du familiak. Bide judizialera ere jo zuten, enpresari eragindako kalteengatik salaketa jarrita; urrutirago heldu aurretik, ordea, enpresak eta familiak adostasuna lortu dute.
Amiantoak kaltetutakoen ASVIAMIE elkarteak bere poza agertu du akordio honen aurrean, bide judizialak “familientzako suposatzen duen bide neketsua” ekidin dutelako. “Ez dugu etsiko amiantoak eragindako heriotza guztiak azaleratu arte, eta enpresei eragindako kaltea ordainarazi arte”. Zentzu horretan, noizbait amiantoarekin lan egin duten guztiei elkartearen harremanetan jartzeko eskatu diete.