Eusebio Toledano: «Marrazki bakoitzari 40 eta 50 ordu artean eskaintzen dizkiot»
Eusebio Toledano (Zumarraga, 1951) marrazkilariak ‘Gipuzkoako txokoak’ erakusketa ireki du Zelai Arizti kultur etxean. 38 marrazki daude ikusgai, igandera arte. Nolatan hasi zinen marrazten? Beti gustatu zait marraztea eta duela
Eusebio Toledano (Zumarraga, 1951) marrazkilariak ‘Gipuzkoako txokoak’ erakusketa ireki du Zelai Arizti kultur etxean. 38 marrazki daude ikusgai, igandera arte.
Nolatan hasi zinen marrazten?
Beti gustatu zait marraztea eta duela 15 urte Zumarragako Arte Ederren eskolan izena eman nuen nire zaletasuna garatzeko. Bospasei urte eman nituen bertan, baina apenas erabiltzen genuen lumatxoa.
Zergatik gustatzen zaizu horrenbeste lumatxoarekin marraztea?
Aspalditik marrazten dut, baina lumatxoa erabiltzen duela urte batzuk hasi nintzen. Benetan gustura sentitzen naiz lumatxoarekin marrazten.
Helbururen bat jarri al zenion zure buruari?
Zer edo zer egiten hasten zaren bakoitzean, helburu bat jartzen diozu zure buruari. Nik erakusketa bat prestatzea erabaki nuen. Duela hiru urte Urretxu eta Zumarragako marrazkiekin erakusketa bat ireki nuen eta arrakasta izan zuenez, jarraitzea erabaki nuen.
Oraingoan Gipuzkoako txokoak marraztu dituzu.
Herriko txoko guztiak marraztuak nituenez, Gipuzkoako txokoak marraztea erabaki nuen. Gustuko tokien zerrenda bat egin nuen eta beraietara joan nintzen argazkiak ateratzera. Askotan emaztearekin joaten nintzen, egun pasa. Zumarragako erakusketan ikus daitekeena bi urteko lanaren fruitua da.
Goierriko zein txoko marraztu dituzu erakusketarako?
Beasaingo Igartza jauregia, Ordiziako Zabala jauregia, Ormaiztegiko zubia, Lazkaoko Infantadoko Dukearen palazioa, Beasaingo plaza, Segurako Zeraingo ataria, Legazpiko Bikuña jauregia…
Zein da zure marrazki kuttuna?
Ia guztiak atsegin ditut, baina Tolosako Zerkausia, Zumarragako Kalebarren, Hondarribi eta Arantzazu bereziki gustukoak ditut.
Zein da Gipuzkoako zure herri kuttuna?
Hondarribia asko gustatzen zait. Gainera, garai batean han lan egin nuen. Erakusketan Hondarribiako hiru marrazki jarri ditut, baina askoz ere gehiago izan zitezkeen.
Zein da gehien gustatzen zaizun eraikina?
Loiolako basilika eta Arantzazu asko gustatzen zaizkit.
Zein da lan gehien eman dizun marrazkia?
Beharbada, Loiolako basilikarena. Errealismoa atsegin dut, beharbada gehiegi, eta basilikak elementu asko ditu. Oñatiko unibertsitatearen marrazkiak ere lan handia eman zidan.
Zenbat denbora eskaintzen diozu marrazki bakoitzari?
40 eta 50 ordu artean.
Denbora asko da.
Bai, baina egunean bi ordu inguru ematen ditut marrazten. Kontua ez da egunero sei ordu ematea, baizik eta egunero marraztea. Egunero marrazten baduzu, lanak emaitza onak ematen ditu.