Legorreta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartuko da
Legorretako Udalbatzak atzo arratsean onartu zuen, gehiengoz, udalerria Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (Uema) sartzea. Maiatzaren 28an bihurtuko da kide ofizialki, Uemak egun horretan egingo duelako batzar nagusia, Leitzan (Nafarroa). Legorretarekin batera Dima eta Ziortza-Bolibar udalerriak ere (Bizkaia) sartuko dira.
Legorretako Udalak ohar batean adierazi duenez, “herrian euskarak dituen ahulguneak indartzeko laguntza” izango da Uema, bai udalarentzat, bai herriarentzat.
Hiru helburu edo printzipio betetzeko konpromisoa hartu du udalak, Uemako kide eginda: herritarren bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua, euskaraz izan dadin bideak irekitzea; euskara nagusi izango den “lur-gunea” osatzea beste udalerri euskaldunekin batera; eta udalerri horien garapen sozioekonomiko eta soziokulturala bultzatzea.