Oso gutxitan gertatu ohi den kointzidentzia izan zen, ostiralean, Lasarten: bertso saio berean familia bateko hiru bertsolarik kantatu dute. Eusebio Igartzabal osaba, eta Endika eta Aratz ilobak aritu dira.
Lizasotarrak, Enbeitatarrak, Artzallustarrak eta beste bakarren bat. Ez dira kasu asko izango familia bereko hiru bertsolarik saio berean abestu dutenena. Ostiralaz geroztik, Gabiriako Igartzabal sendikoek dute zerrenda bitxi bezain zail horretan egoteko ohorea. Eusebio Igartzabal Alustiza, Endika Igartzabal Murua eta Aratz Igartzabal Bidegain osaba-ilobak Lasarte-Orian aritu ziren elkarrekin, oholtza berean.
Bertsotruk desafioan, Gabiriako taldea osatu zuten hiru Igartzabalek. Lasarteko taldeko hirukoarekin jardun ziren bertsotan, Jalgi tabernan, ostiral gauean. Patxi Etxeberria (86 urte ditu), Ane Labaka eta Unai Muñoa ziren handik.
Lehenago Euxebio eta Endika osaba-ilobak kantatuak dira, elkarrekin. Idiazabalen izan zen, 2012ko abenduaren 28an, Guraso Elkartean. Aratz ere inoiz aritua da maisuarekin, Aberri Eguneko ekitaldietan eta. Baina saio «formal» batean, sekula ez.
Ostiraleko saioa «oso ondo» joan zen. Desafio izena emanagatik, Bertsotruk ez da lehiaketa, eta ez zen sailkapenik zehaztu. Saria bazegoen, ordea: «Ilusioa egiten du osabarekin aritzeak, eta familiako hirurok aritzeak», dio Aratz Igartzabalek.
Osabak kezka puntu bat bazeukan, aurretik. «Gazteok hor dabiltza txapelketarik txapelketa, eta giro zagok hauekin». Patxi Etxeberria aspaldiko kantukidea ondoan izatea makulu polita izan zuen. Eta Goierriko bertsolarien astero afal ondoko bertso jardunean herdoila sortzen utzi ez izanak ere bai.
Bertso eskolaren hasieran
Euxebio Igartzabalentzat, gainera, saio berezia beste gauza batengatik ere bazen: Lasarte-Oriako Bertso Eskolak 25 urte bete ditu, eta 1991n bera izan zen lehenengoetariko irakaslea. «Denak karrerako jendea ziren bertso eskoletan. Errespetu bat ematen zuen… Buruarekin kirola egitera joaten ziren haiek bertsoetara, beste batzuk kiroldegira kirola egitera joaten diren bezala», gogoratu du.
Bi talde osatu zituzten, eta Nikolas Zeberio zen beste irakaslea. Hiru bat hilabetean jardun zen Igartzabal Lasarten. Xabier Narbarte hasi zen bere lekuan.
Hiru Igartzabal bertsolariek mende erdiko aldea edukiagatik, oholtza berean parez pare jardun dira. Euxebiok lehen plaza 1964an egin zuen, Endikak 2006an eta Aratzek 2009an. Baina lehenengo aldia izateko beti dago okasio bereziren bat.