Oriamendi kalea.
Beasaingo Udalak Oriamendi kaleko lanen inguruan eskatutako txosten inpartzialaren arabera, «proiektuak gabezia ugari ditu eta Hirigintza Proiektuan jasoak ez dauden diru partidek eta saneamendu eta hornikuntza elementu zehaztapen desegokiek eragin dute gainkostua obran».
Ondorioz, Oriamendiko obra egin zuen enpresak 274.511,88 euro ditu jasotzeko.
Oriamendi kaleko lanak 2014an amaitu ziren baina likidatzeko zeuden, desadostasunak baitzeuden obrak egin zituen enpresaren eta udal teknikariak aurkeztutako likidazio txostenen artean. Arazoari irtenbidea emateko, Beasaingo Udalak, hirugarren txosten inpartziala egitea eskatu zuen.
Udaletik jakinarazi dutenez, «teknikari honek egindako likidazio proposamenean, sorreratik obra osoaren likidazioa 765.560,60 eurotan ezarri du. Obra zuzendaritzak aldiz, 579.710,47 eurotan».
Gainkostuaren arrazoiak ondorengoak direla esan du: «Proiektuan jaso ez ziren diru kopuru edo partida ekonomikoak eta saneamendua eta hornikuntza azpiegituren zehaztasun eza».
Era horretan, «udalak instituzio gisa, behin betiko amaitutzat eman nahi du obren harrera eta likidazioa, eta obrak egin dituen enpresari egindako kalteari ere amaiera eman nahi dio dagokiona ordainduta. Bide batez eta beharrezkoa balitz, eskura dituen neurriak hartuko lituzke dagokionari ardurak eskatzeko.