Beasaingo mozorro eguneko haimen muntaketaren inguruko konpromisoak hartu dituzte udalak eta gazteek
Pasa den asteartean Beasaingo Udalak bilera egin zuen herriko 80 bat gazterekin, Loinatz jaietako mozorro eguneko haimen segurtasuna, muntaketa eta kokapena zehazteko. “Inposaketarik gabe, adostasunean oinarrituz erabaki ziren aztertutako gaiak eta oso positiboki” baloratu du udalak “gazteen erantzuna eta jarrera bileran”.
Lau puntu finkatu zituzten:
- Kokapena: Larunbatean, 12:00ak arte, haimarik muntatzen ez hasteko konpromisioa hartu zuten gazteek. Talde bakoitzaren kokapena zati batean adostu bazuten ere, gazte taldeek euren artean antolatuko dute espazioa.
- Segurtasuna: Elektrizitatea sortzeko generadoreetako erregaiak arrisku handia suposatzen duenez, udalak instalakuntza elektrikoa jartzeko konpromisoa hartu zuen erabiltzen diren musika ekipoentzako. Horregatik, talde guztiek izena eman behaar dute zerbitzu horren eskari zehatza zein den jakiteko. Izena emateko: gazteria@beasain.eus edo 943 02 80 66.
- Ordutegia: Musika ekipoak goizeko 05:00etan etengo dira, txosnetako gunearentzat ezarritako ordu berdinean.
- Zaborra: Oria ibaia garbi mantentzeko eta zaborrik ez botatzeko eskaera egin zitzaien gazteei. Mozorro egunetan erabilitako tramankulu eta gainerakoak uzteko puntu zehatza jarriko du udalak. Datozen egunetan jakinaraziko du lekua.