Udalak herritarrei emandako datuak eta teknikoek dituztenak ez datozela bat adierazi dute. Datuak egiaztatzeko denbora eskatu die Legazpiko alkateak.
Kale Nagusiko bizilagunak, atzoko osoko bilkuran. / Arg.: Maialen Igartua
Legazpiko Udalean osoko bilkura egin zuten atzo, eta Kale Nagusiko lanen gaiak
tentsioa sortu zuen. Kepa Urtzelai EH Bilduko zinegotziak atera zuen gaia, galdera eta eskarien tartean. Urtzelairen arabera, udalak herritarrei eman dizkien datuak —prentsaren bidez zein herritarrekin egindako bileretan—, ez datoz bat udaletxeko teknikoak batzordean emandako datuekin.
«Herritarrei esan zaie Kale Nagusiko lehenengo faseko lanak egiteko 568.000 euro gastatu zirela 2015ean, eta teknikoak emandako datuen arabera, 460.000 euro gastatu ziren», adierazi zuen Urtzelaik. 2015eko udal aurrekontuan
800.000 euroko partida zuten lan horiek.
Kale Nagusiko
lau bizilagun ere izan ziren osoko bilkuran, publiko modura, eta haserre agertu ziren udalarekin. «Ez da serioa datuak bat ez etortzea; guri emandako
zifrak gezurrezkoak al ziren?», esan zuen Juan Pedro Agirrek, haserre. Koldobike Olabide alkateak, berriz, denbora eskatu zien EH Bilduri eta herritarrei,
datuak kontrastatu ahal izateko.
Zeresana ematen ari den gaia
Kale Nagusiko lanen gaia zeresana ematen ari da aurten. Lehenengo fasea iaz egin zuten, eta bigarren fasea aurten egitekoa bazen ere, lanak
2017ra atzeratzea erabaki zuen udalak. «Lanak atzeratzeko eman zenuten arrazoietako bat zen ez zegoela dirurik, eta orain ikusten dugu zenbakiak ez datozela bat», esan zuten bizilagunek.
Dena den, zenbakiak zenbaki, Javier Iraeta EAJ-ko zinegotziak herritarrei gogoratu zien lanak atzeratzearen arrazoi nagusia ez zela diru falta izan, baizik eta aurten beste proiektu batzuei eman dietela lehentasuna, esaterako, auzoak txukuntzeari.