Poligrafo Fest jaialdia egingo dute asteburu honetan Urretxun
Asteburu honetan Poligrafo Fest musika jaialdia egingo dute Urretxun, Zarraparra kolektiboak eta Motz tabernak antolatuta. Ostiraleko eta larunbateko kontzertuak Gernikako Arbola plazan izango dira eta igandekoa Labeaga aretoan. Jaialdi hau
Asteburu honetan Poligrafo Fest musika jaialdia egingo dute Urretxun, Zarraparra kolektiboak eta Motz tabernak antolatuta. Ostiraleko eta larunbateko kontzertuak Gernikako Arbola plazan izango dira eta igandekoa Labeaga aretoan. Jaialdi hau Motz tabernaren 10. urteurrena ospatzeko antolatu dute.
Euskal Herriko, Espainiako eta Australiako taldeek joko dute. Ostiraleko eta larunbateko kontzertuak doan izango dira.
Ostiralean Howl at the Moon talde australiarrak, Los Chicos talde madrildarrak eta Jose B. Lenoir Gang talde nafarrak joko dute. Australiarren kontzertua 20:00etan hasiko da. PJ Harvey, Sonic Youth eta Radiohead taldeekin konparatu dituzte eta Zarraparraz taldekoen esanetan, beraien zuzenekoa «ikaragarria» da.
22:30ean Los Chicos taldeak joko du. Beraien festarako osagaiak hauek dira: rock and roll, rhythm and blues, soul, punk, pub-rock eta country musika eta garagardoa. Joseba B. Lenoir Gang bandaren kontzertua gauerdian hasiko da. Joseba B. Lenoirrek Euskal Herriko underground eszenako talde onenetan jo du eta proiektu honetarako indarra eta pasioa soberan duten musikariak hautatu ditu.
Larunbatean, Elorrioko Sermond’s taldeak, Urretxuko The Northagirres taldeak eta Madrilgo Jimmy Barnatán&The Cocooners taldeak joko dute.
Sermond’s-ekoek 20:00etan joko dute. Europa iparraldeko Turbonegro eta The Hellacopters taldeen dizipulu finak dira. 22:30ean The Northagirresekoek joko dute. Iñigo Agirrebaltzategi urretxuarraren taldeak rock amerikarra, contry, pop, folk eta punkrock musikak jotzen ditu.
Jimmy Barnatan & The Cocooners taldearen kontzertua gauerdian hasiko da. Talde honek blues, swing, soul, funk eta rock musikak jotzen.
Azken kontzertuak igandean izango dira, Labeaga aretoan. 19:00etan Maddi Noguera ataundarrak joko du eta 20:00etan Anje Duhalde lapurtarrak. Sarrerek 10 euro balio dute, baina Zarraparra kolektiboko bazkideek 8 euro bakarrik ordainduko dute.
Eitzako jaietan, bost talde
Zarraparra kolektiboa zuzeneko musika sustatzeko sortu da eta kontzertu mordoxka antolatu du dagoeneko. Joan zen asteburuan The Strange Flowers talde italiarrak Motz tabernan jo zuen eta Eitzan jaialdia egon zen. Eitzako jaietako larunbatean beste bost taldek joko dute, Zarraparrak deituta.