Azkar, habiatik kanpora
Lazkaon sortu zuen Azkar garraio enpresa Eusebio Erauskinek, 1933an. Duela hiru urte Dachser alemaniarrak erosi zuen, eta aurreko ostiralean ia lan guztia Zubietako ...
Lazkaon sortu zuen Azkar garraio enpresa Eusebio Erauskinek, 1933an. Duela hiru urte Dachser alemaniarrak erosi zuen, eta aurreko ostiralean ia lan guztia Zubietako garraio gunera eraman zuten. 83 urteko historia azkar lurrundu da.
Enpresa erraldoiaren urteko batzar orokorrak Lazkaoko udaletxean ospatu ohi zituen, duela lauzpabost urte arte Azkar enpresa goierritarrak. Egoitza soziala Lazkaon mantentzen zuen, eta asko handitu baldin bazen ere, sustraiei eusten zien. Baita jatorrizko lantegiari ere, Hiribarren kalean. Gauzak 2013an aldatu ziren, Dachser enpresa alemaniarrak Azkar erosi eta barneratu zuenean. Astelehenaz geroztik, Azkarren pabiloiak ateak itxita ditu.
Azkar izango zen enpresa Eusebio Erauskinek eratu zuen, 1933an, Lazkaon. Bartzelonara garraiatzen zituen industriako produktuak. Gerrak eten zuen jarduera, baina 1945ean ekin zion berriro, enpresa ofizialki sortuta. 1960rako Hego Euskal Herrian sarea zabalduta zeukan, eta 1970ean Espainiako estatura hedatu zen, bazkide batzuk negozioan sartuta.
1980an Espainian ordezkaritzak ireki zituen Azkarrek, eta hurrengo hamarkadaren bukaeran Portugalera jauzi egin zuen. Espainiako Burtsan kotizatzen hasi zen, 1999an.
Une gorenean, erosketa
2006an aire eta itsas kargen zerbitzuak ireki zituen, Madrilen eta Shangain. Dachser alemaniarrak 2010ean akzioren %10 erosi zituen, eta 2013an Azkar osorik bereganatu zuen. Urte hartan Azkarrek 367 milioiko fakturazioa zuen, 3.000 langile zituen 91 gunetan, eta 2.650 ibilgailu. Bulego nagusia Madrilen zegoen, egoitza Lazkaon.
Zubietako (Lasarte) garraio gunea 2006ko irailean ireki zuen Azkarrek. Han jarraituko du orain Lazkaoko adarrak.