Erromeria, Itsasondoko Urkia auzoko festan
Ihurre langile auzoan (Olaberria) Langilearen Egunaren bueltan ospatuko dituzte festak. Bi egunerako egitaraua prestatu du hango Festa Batzordeak. Bihar, larunbata, 19:30ean txupinazoa botako dute, eta buruhandiek girotuko dute kalea. Trikitiarekin poteoa egingo dute. 21:00etan, afaltzeko parrillakada haragi erreko dute, eta 23:00etan disko jartzaile batek musikatuko du dantzaldia.
Igandean, 09:00etan arkume banaketara azaldu behar dute sukaldaritza lehiaketan parte hartuko dutenek. 14:00etan izendatuko dute arkumea lapikokada onena nork egin duen, eta 14:30ean bazkalduko dute.
Goizean, 11:00etan, eskulanak, jolasak eta pintxo-potea daude. Baita meza ere. Bazkalondoan, musa eta bingoa, Tor magoa ludotekan (17:00), toka (18:30) eta askaria (20:00).
Urkian, asteburuan eta 3an
Itsasondoko Urkia auzoan Gurutze egunaren bueltan izaten dira jaiak, bai maiatzean, bai agorrekoan. Bihar, 18:30ean 33. mus txapelketa dute, 21:00etan afaria eta 23:00etan Laja eta Mikel trikitilariekin erromeria.
Igandean, Epelde eta Lutxurdio trikitilariak 11:00etan hasiko dira jotzen. 14:30ean bazkaria, 18:30ean 33. toka txapelketa eta iluntzean erromeria dituzte.
Zaindariaren egunean, asteartean (maiatzak 3), 11:00etan meza izango da, gero hamaiketakoa Ostolazak eta Narbaizak girotuta, 14:30ean bazkaria eta 19:00etan erromeria. Antxume bat zotz egingo dute jaietan.