Eguraldiak asko laguntzen ez badu ere eta goizaldeko gertakariak eragindako samina eta haserrea alde batera utzita, bigarren jai eguna ari dira ospatzen Legazpin gaur. Euriari aurre eginez, estalpean bildu dira ehunka gazte herri bazkarirako prestatu duten paella eta oilasko errea dastatzeko. Giro aparta sortu da bazkariaren kontura Azokan. Arratsaldean, festagunea Urbeltz pilotalekura igaroko da, han baita jokatzeko binakako pilota txapelketa herrikoiaren finala. Matxin lehengusuek osatutako bikoteak eta Lazkanok eta Urratek osatutakoak jokatuko dute finala.
Frontoitik kanpo, Kuxkuxuk gidatuta kantujira egingo da 19:00etatik aurrera, eta R Ke R elektrotxarangak kalejira egingo du ondoren. Gauean, 23:30ean hasita, Gora Herria taldeak dantzaldia alaituko du plazan.
Legazpiko jaietara joateko autobus zerbitzua dago gauez Urretxu eta Zumarragatik.
Bihar, besteak beste, Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak antolatutako Santikutz Klasika jokatuko da goizean zehar, eta arratsaldean haurren danborrada egingo da 17:30etik aurrera.