Goierriko Zubia taldea sortu dute, errealitate bat ikustarazteko asmoz
Goierrin lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen arloan hutsune bat zegoela ikusita, arlo hori landuko duen taldea sortu dute eskualdeko hainbat gaztek: Goierriko Zubia. Gai lantzen hainbat hilabete badaramatzate ere, gaur egin dute egitasmoaren aurkezpen ofiziala, Ordizian. Taldeak, kolektibo hauen bisibilizazioa lantzea, babesa eskaintzea eta herritarrei informazioa ematea du helburu.
Maddi Noguerak azaldu duenezm LGTBI+ gaiaren inguruan hizketan hasi eta “Goierrin arlo horretan hutsune bat bazegoela” ikusi zuten. Gaiarekiko jarrera txarra baino gehiago, gaia ez dela lantzen, “ez dela ikusten” jabetu ziren. Horregatik pentsatu zuten, arlo horretan eragingo lukeen talde bat sortzea.
Gemma Urteagak, taldearen helburu nagusiak azaldu ditu. Hala, aurrenekoa bisualizazioa izango da, gaia ikustaraztea eta jendea horretaz ohartaraztea. Bigarrena, “egoera horretan daudenei babesa” ematea izango da. Eta hirugarrena, herritarrei eta gizarteari orokorrean informazioa ematea. Zentzu horretan, ekitaldi ugari antolatzeko asmoa dute, hala nola: hitzaldiak, film emanaldiak, bertso bazkari edo afariak, edota kontzertuak, besteak beste.
Goierriko Zubia taldeak, “ateak zabalik” dituela gogorarazi du Ander Matxainek, eta nahi duenak jo dezakeela bertara. Horretarako, sortu duten Facebook orrialdean sartu edo goierrikozubia@gmail.com posta helbidera mezu bat bidali daiteke.