Atzoko haurren danborradak helduen danbor hotsei egingo die leku Legazpin
Bi danborrada egiten dira Legazpin, haurrena eta helduena. Txikien txanda atzo arratsaldean izan zen. Laubiden hasi eta Euskal Herria plazan amaitu zuten ibilbidea zaldi gainetik Joane Alberdik eta Unax Diezek gidatutako konpainiek, bidean danborrak jotzeko hainbat geldialdi egin eta gero.
Gaur helduen danborradak hartuko die erreleboa haurrei. 23:00etan dira irteteko Laubide kaletik eta gauerdirako iritsiko dira udaletxe aurrera. Han, Legazpiko ereserkiari danbor hotsekin lagunduz amaituko dute saioa.
Bihar Santikutz Eguna ospatuko da, jaietako egun handia. Eguerdiko 12:00etan ezpata-dantza egingo dute Sustraiak dantza taldekoek eta Cesareo de la Presak Olaria saria jasoko du.
Hona hemen atzoko haurren danborradako argazki galeria.